HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 16

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Orain, bidali ninduen Aitagana noa, eta zuetako inork ez dit nora noan galdetzen. Baizik eta hori esan dizuedalako, tristurak bete du zuen bihotza. Hala ere, egia diotsuet: hobe da zuentzat Ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea. Joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet. Hura etortzean, agerian jarriko du munduaren errua bekatuari, zuzentasunari eta epaiari buruz: bekatuari buruz, nigan sinesten ez duelako; zuzentasunari buruz, Aitagana noalako, eta ez nauzue gehiago ikusiko; epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia dagoelako».

Joan 16, 5-11.

Bizitza kontrolatzea gustatzen zaigu; kontrako bizipena oso desatsegina da eta, sarri askotan, tristuraren iturria.

Gure fedea ere kontrolatu nahiko genuke; Jesus gure ondoan izatearen sentimendua egonkortu, maneiatu: Jesus, nolabait, kontrolatu.

Baina Jesus mugitzen duen Espiritua askatasuna eta askatzailea da, hots, arriskutsua da. Espirituaren askatasunak nahi ez dugun lekura eramaten gaitu: ziurgabetasunera, loturen ziurtasuna galtzera hain zuzen.

Ildo horretatik, bizitza ezin dugula kontrolatu konturatzean, galera mingarria sentitu ohi dugu gure erraietan; tristura galeraren bizipenari lotu ohi zaio.

Tristuraren bizipen mingarria, aldi berean, arriskua eta aukera izan daiteke.

Arriskua zulo beltz batean geratzea da, aieneka eta minduta, iraganera itzulita, iraganaren preso izatea.

Aukera, berriz, gure bizitzan Espirituari leku handiagoa egitea da eta, hortaz, giza historiaren zentzua sakontasun handiagoz bizitzea: gure burua etorkizunera zabaltzea.

Galera eta tristura ere izan dakizkiguke fedea ontzeko aukera.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude