HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nik Laguntzailea, jatorria Aitagan duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitagandik. Hark, etortzean, aitormen egingo du nire alde. Eta zuek ere egingo duzue aitormen, hasieratik nirekin baitzaudete. Zuen sinesmenak huts egin ez dezan esan dizuet hau. Zeren eta judu-elkartetik bota egingo baitzaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilko zaituztenak Jainkoari kultu ematen diola uste izango duena. Eta horrela jokatuko dute, ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituztelako. Aurrez esaten dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen».

Joan 15, 26 – 16, 4a.

Gure kristau fedea giza historiaren barruan bizitzen dugu, ez beste inon. Baina ez fedea, ez giza historia ez dira gardenak, batean zein bestean zer den egia eta nor dagoen oker bereiztea ez baita batere erraza: giza historia zein kristau fedearen bizipena kontraesanez beteta daude.  

Nola bizi kontraesaneko historia ilun honetan? Erraza da fedea galtzea eta eszeptizismoaren zulo beltzean jaustea.

Ziur aski horixe da sinestedunaren erronkarik latzenetako bat, ezintasunaren bizipena baita.  

Abagune horren kontzientzia latzean kokatuta dago Joanen komunitatearen lekukotasuna. Komunitate horrek ezagutu zuen ezintasun gorria: bere indarrez argia ezin lortu. Historiaren pasarte ilunetan zehar ibilitzeko, komunitate horrek bizipen preziatua utzi zigun: Espiritu Santuaren presentzia eta laguntza.

Eska diezaiogun Aitama onari bere Espirituaren dohaina! Espiritu horrek eramango gaitu Jesusengana! Espiritu horrengan bereiziko dugu egia!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude