HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot, eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin egon dadin, egiaren Espiritua. Munduak ezin du hartu, ez baitu ikusten, ez ezagutzen; zuek, ordea, ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko. Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. Laster mundial ez nau ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, Ni bizi bainaiz eta zuek ere biziko baitzarete. Egun hartan ulertuko duzue Ni Aitagan nagoeka, eta zuek Nigan eta Ni zuengan. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauena nire Aitak maite izango du, eta nik ere Maite izango dut eta agertuko natzaio».

Joan 14, 15-21.

Jesus oraindino ikasleen artean zegoen, Bera zuten gidari, aurrez aurre, Bera zuten bertatik bertara indar- eta kemen-emailea. Hemen, aurreko egunetako pasarteetan ikusi dugun moduan, Jesusek, behin betiko Aitarengana doanez, prestatu egin nahi ditu ikasleak, indarra eta itxaropena luzatu nahi dizkie etortzear duten egoera berrirako.

Bere maitasunean irauteko esan zien, Aitari bere izenean eskatutakoa emango zitzaiela…eta horretara, aurreikus zitekeen, nolabait, gauzak ondo joango zirela, ez zirela beren indar hutsez egoera berriaren ezinari eustera abandonatuak geldituko. Orain, gaurko pasarte honetan, aurreikus zitekeen eta espero izatekoa zen hori guztiz argitua geratu da. Geuri ere, Jesus fedetik ezagutu dugun aldetik, asko argitu diezaguke pasarte honek. Espiritu Santuaren presentzia eta indar laguntzaile eta bultzatzailea agintzen digu lerro hauetan.

Bakarka eta, askotan, bakardadean ari garela eman lezake. Alferrik eta, askotan, geure indar soilez ari garela sentituko dugu. Egoera horietan, aitortzen dugun fedea bera makal eta ezdeus sentitzen dugularik, geure barnera bildu beharko genuke, isiltasunean sartu, eta Espiritu Santuaren xuxurla apal bezain indartsu eta indar emailea entzun.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude