HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 13

Aldi artan, Jesusek esan zien ikasleei: «Munduak gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen niri izan didala gorroto. Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen legez; baina Nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako. Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire hitza hartu badute, hartuko dute zuena ere. Nire izenagatik egingo dizuete hori guztia, bidali nauena ezagutzen ez dutelako».

Joan 15, 18-21.

Jesus gure bizitzaren erdigunean jartzen badugu, erdigune horretan tartea edo tokia egin beharko dugu nahitaez, hortik erdigunean egoteko izaera ez duten beste hainbat balio bertatik atera beharko baititugu ezinbestez. Hortik sor liteke munduak, gizarteak, erakutsi diezagukeen gorroto, edota, gorrotoraino gabe ere, mesprezu edo gutxiespena.

Den-denok ditugu oso balore indartsuak bizitzaren erdigune horretan, nork bereak, baina, gizartez gizarte eta garaiz garai, elkarren artean oso partekatuak. Jesusen garaian bezalaxe, gurean ere, balore eraldaketa errotikakoa dakar Jesus gure bizitza-proiektuaren erdigunean jartzeak. Hori eginez gero, bizitza bera geratuko zaigu guztiz eraldatua, beste kolore eta indar batez biziko gara aurrerantzean. Hori baina, askotan, onartezin samar egiten zaie hortik kanpo giza mailako baloreen arabera bizi diren gizartekideei. Kristorengan erabateko askatasuna ezagutu eta sentitu duena, eta Beraren bitartez gizarte eta lagun hurkoarekiko guztiz bestelako konpromisoa hartu duena, nahitaez ez da oharkabean pasatzen fedetik kanpo daudenen aurrean eta, tamalez, sarri askotan, ez du harrera ona jasotzen eurengandik. Horretarako gertu egon behar gara, Jesusen jarraitzaileak garen aldetik.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Eskerrik asko. Gure indar hutsekin ezin halako eraldaketarik bizi eta halako emankortasunik lortu. Espirituaren laguntza da nire itxaropena. Bestela, neuk behintzat, jai daukat!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude