HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 12

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez du inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, Nik agindua betetzen baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiak zer egiten duen; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazi didan guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Nik aukeratu zintuztedan zuek, eta eginkizun hau eman dizuet: fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela edonon; horrela, Aitari nire izenean eskatuko diozuen guztia emango dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar».

Joan 15, 12-17.

Atzoko pasartean Jesusek agindutakoa aintzakotzat hartu behar dugu gaurko pasarte honetako agindua bete ahal izateko. “Bere maitasunean tinko irauteko” agintzen zigun atzokoan. Hori genuen abiagunea. Hortik etorriko dira gerokoak.

Gaurkoan, elkar maitatzeko agintzen digu, ez nolanahi baina, nola eta berak maite gaituen moduan. Zenbaterainokoa izan litekeen eskatutako maitasuna? Hona hemen ezaugarrietariko bat: maitatu ditugun horien alde geure bizitza ematerainokoa behar du izan maitasunak. Zaila dugu, gero, erronka! Zaila oso, bete ezina, egia esan, giza mailan, geurez eta geure indar soilez. Egia esan, zinez, ezin betezko agindu baten aurrean gaude. Bere-berean, bere betean, ezin izango dugu bete. Erronka polit bezain anbiziotsu eta bete ezin baten aurrez aurre gaude. Baina ezinak ezin, atzoko pasarteko “bere maitasunean irauteko” aginduak eta gaurko pasarte honen bukaerako “Aitari Bere izenenean eskatutakoa eman emango zaigula” hitz emateak indartuko gaitu nahikoa geurez ezin dugun hori eramateko, geure ezinean ere zinez emankorrak izateko.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude