Izenburua: Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen
Egilea: Felix Arrieta
Argitaletxea: Elkar
Zaintza da liburu honen hitzaurreetako baten egilearen ustez gaur egungo gizarteak izan beharko lukeen eztabaida nagusia. Eta Felix Arrieta egileak baieztapen hori sinesteko aski motibo ematen du liburuan zehar. Gizarte zerbitzuak ongizate estatuaren zutabe kontsideratzen baditugu (hezkuntza, osasuna eta gizarte segurantzarekin batera) zaintza lanak kudeatzeko eredu onenarekin asmatzea lehen mailako zeregin politiko eta soziala dela aitortu beharko dugu.
Arrietak azken hamarkadatan gertaturiko aldaketa soziologikoak oso kontuan ditu eta ekonomia feministak egindako irakurketa kritikoa onartzen du. Errealitate horretatik abiatuta, ondorioztatzen du zaintzaren erronkari erantzuteko eragile guzti-guztien parte hartzea izango dela beharrezkoa, inor kanpoan utzi gabe: administrazioa, hirugarren sektorea, enpresa pribatuak, gizarte sarea eta familia. Administrazio publikoan fokua ipiniaz, autoreak dagoeneko beste lan batean planteatua zuen proposamena azaltzen du: Euskadin (eta baita Nafarroan ere beste neurri batean) gizarte zerbitzuen arloan dugun zatiketa eta dispertsio instituzionala gainditu beharra dago, leihatila bakarra sortuz. Gaur egun Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udalen esku dauden eskumenak bateratu eta sistema bakarra sortu beharra dago, Osakidetzan gertatzen den bezala eta honekin hartu-eman estuan. Jauzi handia egitura instituzional mailan.
Ikuspegi humanista antzematen zaio autoreari, baina liburuak ez du zaintzaren inguruko balioei buruzko hausnarketa egiteko helbururik; gizarte analisia eta politika dira liburuaren eremuak. Ezinbestean ordea gaiak duen alderdi humano sakonena azaleratzen da. Batez ere zaintzaile-zaindu binomioa auzitan jartzen duenean: askotan zaintzailea ez al da aldi berean pertsona modura gehien aberasten dena? Eta zaindutako pertsonek (gaixoak, zaharrak, haurrak…) ez al diote askotan zaintzaileari jasotzen duten haina edo gehiago ematen? Gizaki-zaintzailearen ereduan gure ikuspegi antropologiko osoa jartzen da jokoan eta gizaki-egilearen paradigma zurrunaren ajeak gogorarazten dizkigu. Eta, bidenabar esateko, eztabaida horretan kristautasunak berebiziko gaurkotasuna du beste ikuskera askorekin alderatuta.
Gure gizartean zaintzak duen balioespen berriak ondorioak izan behar ditu gizartearen antolakuntzan. Trantsizio politikoak ekarri zuen euskal erakundetzeak lau hamarkada bete dituenean, arlo honetan eman beharreko aurrerapausoa belaunaldi berri baten zeregina dela proposatzen du Arrietak. Eta norabidea pentsatzen laguntzen digu: ikuspegi integrala, eragile desberdinen ekosistema kontuan hartzen duena, pertsona erdigunean jartzen duena eta komunitatea indartzeko kapaz dena, hori da bere ustez behar duguna. Zorionez hori da gure gizarteak dagoeneko aukeratutako bidea. Gure artean badugu kontsentsu nahikoa ikuspegi horretan sakontzeko. Azken batean, egiten diren gauza askoren doikuntza eta koherentzia da autoreak modu finean proposatzen duena, ez besterik.
0 Comments