HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 11

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauen bezala, halaxe maite izan zaituztet Nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, Nik ere, Aitaren aginduak bete ditudalako, haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau esan dizuet nire poza zeuengan izan dezazuen, eta zuen poza bete-betea izan dadin».

Joan 15, 9-11.

“Aitak maite izan nauen bezala”, alegia, bihotz-bihotzez, azkeneraino, bete-betean eta baldintzarik gabe, halaxe maite gaitu gu geu ere Jesusek. Maitasun horretan tinko irautera deitzen digu, jasotzen dugun ezin gaindituzko maitasun horri eustera. Interesgarria, dena den, Jesusek eskatzen diguna. Ezin digu berak maite gaituen maila berean maitatzeko eskatu; harantz jo beharko genuke pixkanaka; baina, gure giza maila tarteko, berez ezinezko zaigu. Hori bere-berean eskatu beharrean, bere maitasunean tinko irauteko eskatzen digu. Hasteko eta behin, Jesusen mezua lasaigarria delako, ezer baino lehen, ezinak ezin, ezerk larri gaitzan baino lehen, lasaitu eta bakea ematea baitu helburu. Gero gerokoak: etorriko zaigu gerora maitasun hau apalki, gozatsuki eta beso zabalik onartzetik segituko den barne-eraldatzea eta zinezko bihotz-berritzea, etorriko zaizkigu gerora gaur agian ez ditugun indarra eta kemena, etorriko zaizkigu. Lehenengo-lehenengo, egin diezaiogun harrera apal, zintzo eta bihotzekoa berak jada luzatzen digun maitasun baldintzarik gabekoari.

Jesus bihotz zabalik onartze horren baitan ulertu behar dugu segidako “nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue” esaldia. Bere aginduak betetzeak esan nahi du bere hitzak, bere aholkuak, bere egiteko moldea aintzat hartzea. Ez du inolaz esan nahi berarekin zerikusirik duen lege baten mendean egon behar garenik aurrerantzean. Izan ere, maitasuna ez da inoiz mendekotasunetik sortzen, ez maitasunetik mendekotasuna, ezta gutxiagorik ere. Beraren eta Aitaren artean dagoen moduko maitasunean irauteko esaten digu. Bere maitasunean iraunez gero, gure bizitzak beren betera helduko dira, eta bere betera helduko poza ere.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude