HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena moztu egiten du Aitak, eta fruitu ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi zaudete dagoeneko, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete nigan, Ni zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, zuek ere ez, nigan ez bazaudete. Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait nigan badago, Ni harengan bezala, hark fruitu asko emango du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Nigan ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezala; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute. Nigan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean».

Joan 15, 1-8.

Atzoko agur-pasarteari segida ematen dio gaurko honek. Jesusen behin betiko agurraren aurrean, hastapen berri eta betikorako agintzaria luzatzen zigun atzokoan.

Gaurko honetan harago doa; aurrerantzean, harreman estuko bidea, Berarekin batera egin beharreko bidea, horixe da Jesusengandik jasotzen dugun proposamena. Jainko urrun, ezagutezin eta, gehienera jota, analogiazko kontzeptualizaziora eraman genezakeen Jainko bat duten erlijioen aldean, guregan, Jesusen bidez, eta Berarengan ernetzen den aurrez-aurreko harreman intimo eta ezin beteago batetik segitzen den errealitatea itxaropentsu eta gozatsua zabaltzen da betiko.

Jesus dugu Aitarenganako bidea, oso bide berezia baina, beste erlijio-sinesmenetan eman litezkeen bide espiritualen aldean; izan ere, gurean Jainkoarenganako bidea bera da Jainkozkoa, bidea bera da Jainko. Oraindik gertakizun den zerumugara garamatza Bideak, baina bidean bertan hartzen dugu bake gaurdanik bertatik; Jesus bera dugu bidea eta, Beraren proposamenari zintzo lotzen gatzaizkion heinean, Bera gure baitan eta gu Bere baitan egongo garela agintzen digu, izatez eta berez jada gaur bertan bizi-emaile eta emankorra den komunioan bizitzeko aukera, alegia.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude