HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 9
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen; Nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez beldur izan. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztuko zinatekete Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa baita. Orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen. Ez dut jadanik luze hitz egingo zuekin, bai baitator mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik; baina munduak jakin behar du Nik maite dudala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dudala».
Joan 14, 27-31a.
Kontsolamendurako ematen dute hasieran behintzat Jesusen hitz horiek, beren buruak larrialdian sentitzen dituzten ikasleei zuzendutakoak, alegia. Hebrear shalôm hitzaren bidez luzatu nahi die kontsolamendu hori. Egia esan, bere baitan bakea baino zinez gehiago ere daraman hitza dugu shalôm; Itun Zaharraren tradizioan aldi mesianikorako espero zituzten dohainen multzoa biltzen baitu hitzak.
Hartara, Jesusek, garai hartan bere ikasleak sentitzen ari ziren gabeziaren aurrean, Berak alde egin behar izatearen aurrean, haien existentzia eraldatuko duten ondasun salbatzaileak eman nahi dizkie, munduak eman ezin dien zerbait.
Jesus bidean zegoen jada, kasik Aitarenganainoko ibilbidea burutua zuen. Baliteke orduko hartan ikasleek ezer askorik ez ulertzea, konprenitu ezina eta atsekabea baino ez sentitzea euren barruan. Jesus baina, ari zaie Zerumuga Behin betikoaren, ordura arteko guztiaren zentzua argitzen zuenaren berri ematen. Hitz handi osoak ziren ahotan hartu zituenak eta, ziur asko, sinesgaitzak edo ulergaitzak ere bai bere ikasle atsekabetuentzat.
Testuinguru hori gurera ekar genezake lasai asko eta berorren gainean irakurketa antzerakoa egin. Jesus bizirik zegoela, ikasleek guk ez dugun “bertatik-bertarakotasuna” zuten Haren gainean. Jesusek, pertsona moduan zeukan nortasun, karisma, indar eta erakarmenak azal zezakeen erraz ikasleek berarekin zuten harremana. Testu honek jada gertatzear zegoen egoeraren berri ematen digu: Jesus ez da euren artean egongo jada; aurrerantzean, bertatik bertara izatea galtzeak izugarrizko hutsunea zabalduko die. Handitasun eta itxaropen iturri izugarrizkoa da Jesusek bere joan behar izateari ematen dion azalpena.
Inoizkorik argien eta distiratsuen iruditu dakiguke. Alabaina, ordutik aurrera, ikasleek, Jesusen jarraitzaileek, zin-zinez beren fedeari eutsi beharko diote eta, egun, guk geuk ere halaxe egin behar dugu, eta ikasi beharko dugu “bai, baina oraindik ez”, edota “bai, baina oraindik bete-betean ez” horretan Jesusen jarraitzaileak izaten. Finean hori da fedea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments