HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauena nire Aitak maite izango du, eta Nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio». Esan zion Judasek, ez Iskariotek, besteak baizik: «Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?». Jesusek erantzun zion: «Ni maite nauenak gordeko du nire hitza; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok harengana etorriko gara eta harengan egingo dugu bizileku. Ni maite ez nauenak, ordea, ez ditu gordetzen nire hitzak. Eta entzuten duzuen hitza ez da nirea, bidali nauen Aitarena baizik. Zuekin naizen artean esan dizuet hau. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean; hark irakatsiko dizue dena eta gogoraraziko Nik esan dizuedan guztia».
Joan 14, 21-26.
Gure sinesmenaren muineko ezaugarri batzuk ageri zaizkigu gaurko pasarte honetan. Guztiz eraldatu gaituen bultzagarri gisa agertzen zaigu Jesus. Eta eraldaketa delako hori Bera zinez onartzearen ondorio zuzena da. Berarekin bat egitera dei egiten digu eta, hartara, Berak Aitarekin duen harremanean berean parte hartzera ere bai. Gure bizitzan Kristoren esku hartzea ez da ahaleginaren ahaleginez egiten, Berarekin bat egitean baino, gure bizitza Berak soilik ematen digun zentzuaren gainean eraikitzean baino. Bera bizi izan zen moduan bizitzean, besteei eta gizarteari geure burua eskainiaz.
Gure sinesmenaren muina horretan datza. Gizakia errealitate bukatugabea da, bere bizialdian zehar joango da pixkanaka burutzen eta gauzatzen bera den eta izango den pertsona. Alde horretatik esan liteke, ezinbestez eta era bazter ezinean, ahalegin eta esfortzu moralera deitua dela, errealitate guztiz bukatua inoiz izango ez den aldetik. Jainkoak Kristoren bitartez eskaintzen digun maitasun bete-bete horretan errotu beharko genuke aurrerantzean bizitza-esfortzu hori. Maitasun betera gara deituak, nork bere burua, bere bizitza, Jesusek zabaldu digun harreman pertsonal horren arabera bizitzera hemendik aurrera. Gure sinesmenaren zer-nolakoak sentimentalismo edo formalismo hutsean eraikitakoaz askoz harago egin behar du, Jesusengan baino ezagutu ez dugun maitasun ezin errotikakoagora deituak gara, bizitza errotik eraldatzen duen maitasunera: “Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer” (1 Co 13, 3).
Une horretan baina, ulergaitz gerta dakizkieke ikasleei bai egoera bera, bai Jesusek zuzentzen dizkien hitzak. Espiritu Santua bidaliko die Aitak, eta berorren laguntzaz joango dira pixkana-pixkana hau guztiau ulertzen eta barneratzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments