HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez izan kezkarik; sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, Ni nagoen tokian zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea». Tomasek esan zion: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta nola jakin bidea?». Jesusek erantzun: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita”? Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa».

Joan 14, 1-12.

Deigarria egiten zaigu zer-nolako nagusitasunez eta erabatekotasunez hitz egiten duen Jesusek. Esango baligu bezala, edozein aukerak ez dizu bizia emango, aukera guztiak ez dira berdinak. Ni naiz bidea. Bizia nahi baduzu, hemen nauzu. Jainkoa ezagutu nahi baduzu, Aitaren maitasuna gozatu nahi baduzu, hemen nauzu. Zeure egunerokoak, zure erabakiek, zure egoerak, zure harremanek, zure sufrimenduek… guztiak zentzua eta norabidea izatea nahi baduzu, hemen nauzu, ni naiz bidea eta egia.

Baina ez hori bakarrik. Ez dizut hori guztia kanpotik eskaintzen. Eskaintzen dizudana zurekin bat egitea da. Zugan nire bizia izatea. Gehiago oraindik, Zugan Jainko Aitaren bizi betea izatea. Izan ere, Aita eta biok bat gara, eta zu ere gurekin bat eginik bizitzea nahi dugu. Horregatik bizi-tokia prestatzera noa, Ni bizi naizen tokian zu ere bizi zaitezen.

Sinetsiko diogu? Sinesgarriagoak egiten zaizkigun bideei jarraituko diegu?, ala Berarengan jarriko dugu uste osoa, erabat gaindituta sentitu arren?

Felipe xamar sentitzen gara guztiok. Horrenbeste denbora Berarekin eta oraindik enteratu ezinik.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude