HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita”? Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semeagan ager dadin. Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, emango dizuet Nik».

Joan 14, 7-14.

Jesus bere barne bizitza, bere intimitate sakona, Jainko Aitarekiko lotura eta harremana agertzen ari zaizkigu. Berriro ere, nola ez harriturik geratu bere hitz hauen aurrean!

Jesus gizaki miresgarri bezala ikusten dugu, askea, ausarta, bihozbera, karismatikoa, borrokalaria… baina Berak badaki hori guztia ez dela berea, Aitak emana baizik, Aitarengandik jasoa.

Jesusek bere askatasunaren iturria Aitarekiko obedientzian kokatzen du; bere justizi nahia eta bihozberatasuna Aitari egiten ikusitakoan. Guztia Aitarekin bat eginik.

Orain uler genezake zergatik Jesusek Aitarekin bakardadean egoteko uneak bilatzen zituen. Eta ikus dezakegu ere zer nolako bizia eman zion harreman estu horrek.

Jesusek bere bizi hori bera eskaintzen digu. Eta Berak baino gauza handiagoak egiteko gai izango garela ere esaten digu!

Ausartu gaitezen eskatzera. Apaltasun osoz, nola ez, baina Berari atxikiz, bere izenean, guztia posible egiten zaigu.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude