HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 5
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez izan kezkarik; sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, Ni nagoen tokian zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea». Tomasek esan zion: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta nola jakin bidea?». Jesusek erantzun: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».
Joan 14, 1-6.
Jesus ez zaie pertsona perfekzionista eta kezkatiei patxada eta lasaitasuna eskaintzen ari. Jesus ez zaigu esaten ari pentsamendu baikorra behar dugula edo geure barnean oreka eta bakea aurkitu behar ditugula kezkarik gabe bizitzeko.
Jesusek bizia eta kezkarik ez izatea Berari lotzen dizkigu; hau da, Berari sinesten dionak, Berari atxikitzen zaionak izango du bizia. Izan ere, Aitarenean bizitoki asko dago. Eta Jesusek Berak prestatuko digu bizitokia Aitaren etxean.
Jesus Bera dugu Aitaren bizi hori lortzeko bidea. Jesusi lotzea, Berarekin maitasun historia bizitzea da Aitaren bizia lortzeko era. Izan ere, Jesusek Aitaren maitasun erabatekoaz maitatu gaitu, eta Berarekin nahi gaitu.
Baina ez dezagun Jesusi atxikitzea espiritualizatu, ez dezagun intimismo bihurtu. Jesusek hitz hauek, maitasun konfesio hau, oinak garbitu ondoren egiten digu, azken afarian, gurutzearen atarian.
Maitasun aitormen hau eguneroko bizitzarako dugu. Gaurko. Gaurko eguna maitasun horren barnean bizi dezagun: bere osoan, bere kezka eta ezinekin, bere poz eta arrakastekin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments