HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 4

Jesusek, bere ikasleei oinak garbitu ondoren, esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Morroia ez da nagusia baino handiago, ezta Bidalia ere bidaltzailea baino handiago. Hortaz jabeturik, zorionekoak izango zarete, horren arabera jokatzen baduzue. Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, zein aukeratu ditudan; baina bete beharrekoa da Liburu Santuak dioen hau: “Nire ogitik jaten duena kontra altxatu zait”. Aurrez, gertatu baino lehen, esaten dizuet, gerta dadinean, “Ni naizela” sinets dezazuen. Egi-egiaz diotsuet: Nik bidalia onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali ninduena onartzen du».

Joan 13, 16-20.

Gure fedearen ezaugarri nagusienetakoa “harridura” beharko luke izan. Sinestea eta harritzea bat balira bezala. Izan ere, harrigarria bada Jesus gure oinak garbitzera makurtzea, ez da gutxiago harritzekoa jarraian ematen digun azalpena.

Mahatsondoa eta aihenaren adibidean bezala morroiari bizia nagusiarengandik datorkio, eta Bidaliari bidaltzailearengandik. Horren arabera jokatzea dugu Bera dela sinetsita. Bera da bizia ematen diguna, inoiz susmatu ahal genuen baino gehiago; Bera da salbatzen gaituena, gure zulo ilun eta kaltegarrietatik ateratzen gaituena; Bera da gure egunerokoari oinarri ematen diona.

Eta hori bizi duenak badaki hori guztia nondik datorkion, norengandik. Badaki berak ez duela ez sortu, ez eragin. Bera morroi hutsala baino ez dela, eta nagusiaren esku dagoela. Izan ere, Berari esker inoiz baino askeago sentitzen da Bere nahia egiten duen bitartean, eta Berari itsatsia dagoen bitartean.

Gure harridura esker on bihur dakigula, inolaz ere merezi gabeko bizia jasotzen ari baikara.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude