HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 3

Aldi hartan, Jesusek esan zion Tomasi: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita”? Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semeagan ager dadin. Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, emango dizuet Nik».

 

Joan 14, 6-14.

Egiaz aberatsa dugu gaurko irakurgai hau. Har dezagun denbora patxadaz irakurtzeko eta barneratzen joateko.

Jesus Jainko Aitaren bitartekari bezala ageri zaigu. Bera da bidea, Jainko Aitak guregana hurbiltzeko aukeratu duen bidea. Eta bere biziaz agertu digu nor den Jainko Aita. Horrela, Jainko Aitarengana hurbiltzeko Jesusengana jo beharra dugu, Bera egin zaigulako Aitaren aurpegi, Aitaren erakusle.

Eta Jesusek eusten dio eta sendotasuna ematen gure biziari, gure ekintzari, gure egunerokoari. Bera dugu oinarri eta iturri. Berarengan aurkitzen dugu indarra gure egunerokoa bizitzeko eta bere berri ona gauzatzen joateko.

Jesus egin zaigu barnenean egiazko bizia, Bera ikustean Aita ikusteraino, Bera gure desiorik sakonena bihurtzeraino.

Eta Jesusengan oinarriturik, guztia eskatzeko gai ikusten gara, guztia Berarengan oinarriturik dagoelako, eta maitasunak guztia dezakeelako.

Horrek guztiak gainditu egiten gaitu. Noski. Baina ez dezagun neurria gure baitan jarri. Utz diezaiogun Jesusi bidea egiten guregan. Utz diezaiogun guregan Bidea, Egia eta Bizia izaten.

 

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    eskerrik asko beti aproposak diren zure iruzkinengatik,

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude