HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 2

Aldi hartan, tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziren Jerusalemen. Negua zen. Jesus tenpluan zebilen, Salomonen aterpean. Inguratu zuten juduek eta esan zioten: «Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi eta garbi». Jesusek erantzun zien: «Esan dizuet, eta ez duzue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza; zuek, ordea, ez duzue sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako. Nire ardiek aditzen dute nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, haiek jarraitu egiten didate, eta Nik betiko bizia ematen diet; ez dira betiko galduko, ez dizkit inork ere eskutik kenduko. Haiek eman dizkidan nire Aita beste guztiak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».

 

Joan 10, 22-30.

Jesusek zalantzak sortzen ditu. Nola ez? “Esaguzu argi eta garbi”. Jainkoa segurtasun bezala bizi nahiko genuke, eta horretarako joera izugarria dugu. Doktrina bihurtzen dugu, ekintza etiko bihurtzen dugu argi eta garbi definituz zer den kristau izatea, zein izan behar duen gure jokabidea, zer den sinistu beharrekoa… Jainkoa lotu nahiko genuke, geureganatua eta eskuartekoa nahiko genuke, objetibatua.

Inoiz bururatu zaigu pentsatzea gu ez garela bere artaldekoak?… Eta horrela balitz, zer egingo genuke? Jainkoa irabazteko merituak egin, bizitza zintzo eta garbia eramanez? Elizak agintzen duen guztia sinistu eta bete?

Jesusek harreman bizi bat bizitzera deitzen gaitu, gure sinesmena maitasun histori bihurtzera. Bere ahotsa entzun eta Berari jarraitzera. Eta jarraipen hori egunerokoan gauzatzera, bere gorabeherekin, bere arantza eta gurutzeekin, zalantza eta iluntasunekin, argitasun handiekin baino argi izpiekin, baina Jainko Aitaren eskuetan egotearen konfiantzarekin.

Gainontzeko guztia harreman horretatik ihes egin eta hortik kanpoko segurtasunak, ziurtasunak bilatzea izan daiteke. Eta arrisku hori oso geurea dugu.

 

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude