HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 1

Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, eta irakasten hasi zen sinagogan. Jendeak, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek horrelako jakinduria, eta nondik mirari horiek? Ez al da, ba, arotzaren semea? Ez al da Maria honen ama, eta Santiago, Jose, Judas eta Simon honen anaiak? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi? Nondik du, beraz, hori guztia?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han mirari askorik egin, ez baitzuten sinesten.

Mateo 13, 54-58.

Ez da erraza Jesusengan sinestea. Gizakiegia Berarengan sinistu ahal izateko. Jainkoa gizaki egin dela aitortzen dugu, baina gero, Berarengan sinesteko jainkotu beharra sentitzen dugu.

Ekintza aipagarriak, harrigarriak, mirariak behar ditugu, bestela ez da Jainkoarena, bestela geure kabuz azal genezake. Otoitzean ere susmopean beti, Jainkoarekin ala geure buruarekin ari ote garen.

Haurren katekesian bada gai bat, “Jainkoak beti zaintzen gaitu”, gurasoek nondik heldu asmatzen ez dutena, ez baita batere ohikoa hori sinestea, ez baita gure baitan bizi dugun zerbait. Gure gizartea arrazionala da: arrazoiak, azalpenak, logika… oso barneratuak ditugu. Eta ez da Jainkoa egunerokotasunean eta aldiro agertzen den norbait.

Bere herritarrak bezala distantzia jartzen dugu Jesusekiko, Jainkoarekiko. Haiek mesfidati; guk fedea eta bizitza nola uztartu ez dakigulako, Jainkoa egunerokoan bizitzen asmatzen ez dugulako.

Jesus harritu egiten da herritarren fede faltaz. Gu bere harriduraz harritzen gara, guretzako arruntena delako distantzia hori, sinesteko zailtasunak izatea. Eska diezaiogun, Pedrok eskatu zion bezala, haz diezagula gure sinesmen eta konfiantza.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Jainkoa egunerokoan bizitzen asmatzen ez dugulako…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude