HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 30

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Egi-egiaz diotsuet: Artegian, atetik ez, baina beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Honi ireki egiten dio atezainak, eta ardiek aditzen dute haren ahotsa; ardi bakoitzari bere izenaz deitzen dio, eta kanpora ateratzen ditu. Ardi guztiak atera ondoren, aurretik joaten zaie eta ardiek jarraitu egiten diote, ezagutzen baitute haren ahotsa. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ez baitute ezagutzen». Jesusek adibide hau eman zien, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien. Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Egi-egiaz diotsuet: Neu naiz ardien atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapatzaileak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin. Neu naiz atea. Ate honetatik sartzen dena onik izango da, lasai sartuko da eta aterako, eta aurkituko du jatekoa. Lapurra ez doa artaldera ostu, hil eta hondatzera baizik; Ni, berriz, bizia izan dezaten etorri naiz, bizia ugari izan dezaten».

Joan 10, 1-10.

Lehen kristauen katakonbetan aurkitzen dugu dagoeneko artzain onaren irudia. Egiaz maitagarri eta hunkigarri egiten zaigu Jesus artzain onaren irudia. Ez da garai bateko kulturako irudia, baizik eta garai guztietan barneraino iristen zaigun irudia. Kristau haiek bizi zituzten jazarpen garaietan irudi babesle eta itxaropentsua; gaur egun konfiantzazko irudia.

Gaur Jesus artzain on eta artegiko ate bezala ageri zaigu. Artzain ona atetik sartzen delako, eta ardiek bere ahotsa entzun eta ezagutzen dutelako. Eta ahots horri jarraituz ateratzen dira kanpora, larrera, eginkizunetara. Lapurrak eta harrapatzaileak hor daude, baina bera da gidaria, bizia ematen duena bizia ugari izan dezagun.

Eta atearen irudia ere ederra da, nahiz eta irudi hau kristauok ez dugun asko landu. Jesus da gure sartu-irteerak zaintzen dituen atea. Bertatik igarotzen dena, konfiantzaz sartuko da, eta kementsu aterako bere zereginetara.

Atearen irudiak autoritatea ere agertzen du, Pedroren giltzen antzera. Gaizkile eta artaldearen hondatzaile orori bidea ixten baitio. Biziarazle, askatasun emaile, lasaigarri gertatzen den autoritate.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude