HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 29
Aldi hartan, Jesusek hau esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, goretsia Zu, halaxe izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak. Zatozte niregana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz, eta aurkituko duzue zeuen bizitzarako atsedena. Nire uztarria leuna baita eta nire zama arina».
Mateo 11, 25-30.
Sienako Katalina, Europako zaindariaren jai egunean, begira zer otoitz liluragarri dakarkigun Ebanjelioak. Jesus otoitzean ageri zaigu Aitaren aurrean. Bat-bateko otoitza dirudi, Jesus harriduraz beterik esker onez Aitari zuzentzen zaio. Bera eta Aitaren arteko harreman estua agertzen du, baina horrek ez dio kentzen Aitaren jokabidearen aurrean txunditurik mintzatzea. “Gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu”.
Bat-bateko harridura honek, Jesusek aurkitu zituen zailtasunak agerian jartzen ditu. Bera ulertu eta bere mezua jaso beharko luketenek, jainkozaleek, bizkar eman diote. Eta aldiz, txikiek, baxuek, eskubiderik gabekoek, nekatuek, zamatuek, baztertuek… horiek pozarren jaso dute bere jarduna. Harritu? Bai noski. Eta esker onez bete ere bai. Bedeinkatua Aita gauzak horrela burutzeagatik!
Eta Aitak horrela jokatzen badu, nik nola ez, bada? Horregatik “Zatozte nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet”. Aita nolakoa? Ni halakoa.
Eta bere uztarria hartzera gonbidatzen gaitu, bizitzako bidaia elkarrekin egin dezagun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments