Konfiantza zugan jarri

2023 Api 24

Gu ere halaxe ibiltzen gara, Jauna,
hara eta hona Jesusen atzetik,
behar duguna (edo komeni zaiguna) lortzekotan.
Guk geurez ezin egin genezakeena
zeuk eman ahal diguzula uste izaten dugu
eta, hala, lakuaren alde batetik bestera ibiltzen gara,
ahalegin arruntetik zuganako otoitzera,
ahal ditugun baliabide guztiak jarrita, batzuetan,
eta inork espero ez duen mirariaren zain bestetan,
dirua, egonkortasuna,
lana, osasuna…
dagozkigun gauzak
(edota nahi ditugunak)
zeuk emango dizkiguzulakoan.

Mirari hori, ordea, sarritan ez da gertatzen:
Non zaude, Jauna?
Eta orduan Jesusek ezetz esaten digu:
“Bazatozte nigana
baina ez nik ematen dudan mezuagatik,
asetu zaretelako baizik.
Nik bizi betea eman nahi dizuet
eta zuek goraino bete baino ez duzue gura;
saia zaitezte bizi betea bilatzen”.

Eskerrik asko, Jauna, ohartarazteagatik,
benetako asetzea, ogia jasotzean ez,
ogia partekatzean datzala erakutsi diguzulako;
eskerrik asko,
bizitzeko behar duguna,
komeni zaiguna,
plazerra ematen diguna
etengabe bilatzen ibili beharrean,
benetan aseko gaituena aurkitu ahal dugula
hitz ematen diguzulako.

Lagundu, mesedez,
gure konfiantza zugan jartzen
ez gure lanpostuan,
ez gure kontu korrontean,
ez gure ideologian,
ez gure adiskide jakinengan…
zugan, Jauna,
Jesusek zugan jartzen zuen bezala.
Ez zaitugu berriro erabili nahi,
antzerkian agertzen diren
panpin horietako bat bazina bezala,
gure interesak zerbitzatzeko.
Alderantziz:
zure proiektuaren zerbitzariak izan nahi dugu
(“Eman zeuek jaten jendeari”).

Lagun iezaguzu
Jesusengan sinesten,
Jesus gure bizitzako gida bakar bihurtzen,
edozein kasutan ere
berak egingo lukeela uste duguna geuk ere egiten.
Horrela ez diogu uko egingo
erabaki behar duguna erabakitzeari
eta zuri Jainko izaten utziko dizugu,
gure interesen morroi bihurtu gabe.

Izan gaitezela horrela, Jauna,
gaurko gure gizarte honetan,
zure mirarizko seinaleen erakusle.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Ederra. Eskerrik asko! Gu geu, geure buruak, bizitzari eskainiak, ezer gorde gabe, maltzurkeriarik gabe, beldurrik gabe… Emaiguzu laguntza halaxe izan dadin!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude