HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 24
Bost milaren bat gizonezkori, ase ziren arte, jaten eman ondoren, ur gainean oinez ikusi zuten Jesus ikasleek. Biharamunean, itsasoaz bestaldean zegoen jendea ohartu zen han txalupa bakarra izan zela, eta Jesus ez zela ikasleekin ontziratu, baizik eta hauek bakarrik joan zirela. Bitartean, beste zenbait txalupa etorri zen Tiberiadestik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura. Jesus eta ikasleak han ez zeudela ikustean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Itsasoaz bestaldean aurkitu zutenean, hau esan zioten: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez mirarizko ezaugarriak ikusi dituzuelako, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegindu zaitezte, ez galtzen den janariagatik, irauten duen eta betiko bizia ematen duenagatik baizik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, bera egin baitu Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari». Orduan, zera galdetu zioten: «Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duena egiteko?» Jesusek erantzun zien: «Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea».
Joan 6, 22-29.
Zergatik jarraitzen diogu Jesusi? Jakin badakigu ondotxo gure jokabideak ez direla guztiz garbiak izaten. Ez gara inozoak. Horixe da San Inazioren Gogojardunen xedea: gure ezkutuko indarrak eta asmoak azaleratzea. Eta azaleratzearekin batera, indargabetzea.
Jesusek zerbait baldin badu, gure bihotz-barneko pekatua ikustarazteko gaitasuna da. Eta hemen ere argi agertzen du. Zergatik bilatzen dute? Janaritu dituelako. Zergatik jarraitzen diogu? “Janaritzen” gaituelako, asetzen gaituelako (baketzen gaituelako, etika sakona proposatzen digulako, barkamena dakarkigulako, senide egiten gaituelako, ongi sentiarazten gaituelako,…). “Lako” ugari jartzen jarrai genezake.
Kontua da, arrazoi horiek guztiak gainditzeko, baztertzeko gai ote garen Jesusi jarraitzeko; hau da, guztia uztea berarengan sinisteko.
Eta horri guztiari uko egiten badiogu, zertarako jarraitu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments