HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 22

Arratsean, Jesusen ikasleak itsasora jaitsi eta, txalupara igorik, itsasoaz bestaldera abiatu ziren, Kafarnaum aldera. Iluna zen ordurako, eta artean Jesus ez zen haiengana iritsi. Haize zakarra zebilen, eta itsasoa harrotzen hasi zen. Bospasei kilometro arraunean egitean, Jesus ikusi zuten ur gainean oinez eta txalupara hurbiltzen, eta beldurrak hartu zituen. Baina hark esan zien: «Ni naiz; ez beldur izan!». Haiek txalupan hartu nahi izan zuten, baina txalupa berehala iritsi zen zihoazen tokira.

Joan 6, 16-21.

Jesusen beldur, Jaunaren beldur… askotan entzun izan dut espresio hau; beldurra… Jaunak gurekin bat egin nahi, guregana modu batera edo bestera hurbildu nahi, eta zenbaitetan beldurra dela eta, ausardia falta dela eta hurbildu beharrean, urrundu egiten gara.

Beldurra ez garelako bere aurrean egoteko gai sentitzen, gugan duintasun falta somatzen dugulako; bekatariak sentitzen garelako; Jainkoa hain handia da, gu berriz hain txikiak…

Hamaika arrazoi urruntzeko, eta ahaztu egiten zaigu hurbiltzeko jakin behar duguna: Jainkoak maite gaitu, hitzez eta egitez; gurekin barre egiten du, baita ere negar, eta hurbiltzen denean gure bihotzak beldurrik gabe irekitzeko eskatzen digu.

Sartuko da bai txalupan, gurekin, horrela nahi badugu. Jaso dezagun bere gonbidapena, eta ireki begiak eta belarriak; nork daki guri ere ur gainean oinez hurbilduko zaigun.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude