HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 21

Aldi hartan, Galilea edo Tiberiadesko itsasoaz bestaldera joan zen Jesus. Jendetza handia zihoakion ondoren, ikusten baitzuten nolako ezaugarriak egiten zituen gaixoengan. Jesus, orduan, mendira igo eta han eseri zen ikasleekin. Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi: «Non erosiko dugu ogia hauei jaten emateko?». (Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien zer egin behar zuen). Felipek erantzun zion: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa izango, bakoitzak puska bat izateko». Ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion: «Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain dituen mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?». Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar ederra zen leku hartan eta denak eseri ziren. Bosten bat mila gizonezko ziren. Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza esan ondoren, eseritakoen artean banatu zituen, eta orobat arrainak ere, nahi adina. Ase zirenean, Jesusek esan zien ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin». Bildu zituzten, bada, eta hamabi saski bete zituzten bost garagar-ogietatik jan zutenek utzitako hondarrez. Jendeak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, hau zioen: «Hauxe da, benetan, mundura etortzekoa zen profeta». Jesusek, ordea, errege egiteko, indarrez eraman nahi zutela oharturik, mendira alde egin zuen berriro, berak bakarrik.

Joan 6, 1-15.

“Jendetza handia zihoakion ondoren, ikusten baitzuten nolako ezaugarriak egiten zituen gaixoengan” dio hasieran gaurko ebanjelioko pasarteak; amaieran berriz, nahiko ogi eta arrain jan ondoren profeta bezala onartzen dute Jesus, eta errege egin nahi zuten, indarrez. Dena ezaugarriak ikusten dituztelako; horrelako Mesias ikusi nahi zuten, ezaugarriez salbatuko zituena… eta hau ez da Jesusen bidea, ez delako Jainkoaren bidea.

Atzo esaten nuen Jainkoaren asmoak eta gureak desberdinak direla, eta Jesus da horren aitormen egiten duena. Oraingoan, ikusirik jendeak zer nahi duen, mendira alde egiten du, bakarrik. Gure Jainkoak ez du ezaugarriez gure mundua salbatu nahi, ez du bere presentzia inposatu nahi inolaz ere; gurekin bat egin nahi du, eta gure eskuak, gure bizitzak behar ditu Jainkoaren Erreinua eraikitzeko.

Eskerrak eman diezaizkiogun Jainkoari, inoiz gure bizitzan ezaugarri baten bitartez presente egin bada; aldi berean, galdetu diezaiogun… eta nik, zer egin dezaket zugatik, lagun hurkoarengatik, Jainkoaren Erreinua eraikitzeko?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude