HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Goitik datorrena denen gainetik dago. Lurretik sortua lurrekoa da eta lurrekoaz mintzo da. Zerutik datorrena denen gainetik dago; ikusi eta entzun duena aitortzen du; baina haren aitormena ez du inork onartzen. Haren aitormena onartzen duenak Jainkoak egia dioela baieztatzen du. Izan ere, Jainkoak bidali zuenak Jainkoaren hitzak esaten ditu, neurririk gabe ematen baitio bere Espiritua. Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena. Semeagan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semeagan sinesten ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren haserrea du gainean».

Joan 3, 31-36.

Jesusek ez du bere buruaz hitz egiten; bere mezua Jainko Aitaren mezua da: “goitik datorrena”. Gure Kreatzailea, Bizia eta Maitasuna den Jainko Aitari buruz ari da. Jesusek aitormen egiten du Jainkoa nolako den, nor den, baina “haren aitormena ez du inork onartzen”. Jesusen bizitzak eta ekintzak dira Aitaren aitortza.

Egia da gure bideak eta Jainkoarenak ez dutela bat egiten askotan; Jainkoari zer egin behar duen esateko tentazioa sortzen zaigu.

Orain bakoitzari dagokigu erantzutea; onartzen al dugu Jesusen aitormena? Jainkoa gure Aita dela? Bizia beragandik datorrela? Berak ematen diola zentzua gure izateari eta gure egiteari? Aitortzen al dugu Nazareteko Jesusek, bere Semeak, bere hitzez eta ekintzez, egiten duen aitortza?

Jaso dezagun Jesusek egiten digun gonbidapena, bere aitormena onartzeko gonbidapena, eta izan gaitezen esker onekoak, Jainkoak gurekin bat egin nahi duelako.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude