HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 17
Bazen fariseuen taldean Nikodemo izeneko gizon bat, juduen buruzagietakoa. Honek gauez Jesusengana etorri eta esan zion: «Maisu, badakigu Jainkoak guri irakasteko bidali zaituela; inork ez baitezake egin Zuk egiten duzun ezaugarririk, Jainkoa berekin ez badu». Jesusek erantzun zion: «Egi-egiaz diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada». Nikodemok galdetu zion: «Nola jaio daiteke norbait, zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren sabelean eta berriz jaio?». Jesusek erantzun zion: «Egi-egiaz diotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. Gizakitik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu. Ez harritu berriro jaio behar duzuela esan dizudalako. Haizeak edonondik jotzen du, eta entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaio denarekin».
Joan 3, 1-8.

Juduen artean badaude, judutar zintzoak; hau da, Jaunaren bila bihotzez dabiltzanak. Nikodema buruzagietako bat da, baina ez du horretan erreparatzen; bere asmoa ez da duena kontserbatzea, Maisuarekin topo egitea baino… topo egin du, eta Maisu deitzen dio.
Jesusek bidea erakusten dio: “berriro jaiotzea”.
Lehen eta orain egoera berdinekin aurkitzen gara; Jaunarekin topo egin nahi dugunok asko gara (batzuetan ez dirudien arren), baina bere bideak ulertzea kostatzen zaigu.
Berriro jaiotzea, espirituz berriro jaiotzea; mundura lotzen gaituenak baztertu, eta Jaunari begietara begiratu, gure bihotzeko ateak irekiz.
Lotzen gaituzten gauzak, pertsonak, asmoak, desioak… esklabu bihurtzen al gaituzte? edo maitasuna medio, lotu baino askatu eta Jaunarengana hurbiltzen laguntzen digute?
Esklabu bihurtzen bagaituzte, askatzeko garaia iritsi zaigu; askatu, Jaunaren Hitza entzun eta bizitzan aurrera egiteko, espiritua berrituz.
Askatzen bagaituzte berriz, jarraitu horretan, berriro jaiotzen, Jainkoa hurbil izango dugu eta.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments