HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 15

Asteko lehen-egunean, goizean goiz, pizturik, Jesus Maria Magdalenari, zazpi deabru atera zizkionari, agertu zitzaion aurrena. Hura Jesusekin bizi izan zirenei berri ematera joan zen, triste eta negarrez baitzeuden. Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi. Ondoren, ikasleetako biri agertu zitzaien, beste itxura batean, auzo batera bidean zihoazela. Hauek ere besteei berri ematera joan ziren; baina hauei ere ez zieten sinetsi. Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian zeudela, eta aurpegira bota zien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, bera pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako. Eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei».

Markos 16, 9-15.

Sinesgaiztasuna oso jarrera arrunta da gizartean. Zaila egiten zaigu ideia berriak edo aurreratuegiak transmititzen dituzten pertsonei sinestea. Eta zer esanik ez, gure zentzumenek naturaltzat ikusten, bereizten edo hautematen dutena gainditzen duten albisteak badira.

Horixe pasatu zitzaion Maria Magdalenari, dizipuluengana joan zitzaienean Jesus bizirik ikusi zuela esatera. Inork ez zuen sinetsi.  Azkenik, Jesus bera ikasle guztien aurrean, kasu honetan ere jaten ari zirela, agertu behar izan zuen aski haserreturik beren fede eza gaitzetsiz, berpiztu zela sinits zezaten.

Garai hartan, emakume baten lekukotza arretaz jaso eta sinestuko zitzaionik ez genuke nolanahi esperoko. Ordutik zerbait aldatu denik onartu behar bada ere, Elizan eskubide osoz dagokion tokira iristea kostatzen ari da. Noiz iritsiko da unea emakumeak Elizan behar duten, eta irabazia duten, berdintasuna lortzea? Gaur, lerro hauetatik, horren alde otoitz egiteko gonbitea luzatuko nuke, baita Eliza beraren mesedetan.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Elizaren etorkizuna bide horretatik etorri beharko da

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude