HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 14

Aldi hartan, berriro agertu zitzaien Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honela gertatu zen agerpena. Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Bikia zeritzan Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Simon Pedrok esan zien:

«Arrantzura noa». Gainerakoek erantzun zioten: «Zurekin goaz geu ere». Atera eta ontzira igo ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. Eguna argitu zuenean, ur-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: «Mutilak, ba al duzue jatekorik?». Haiek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txaluparen eskuinaldera eta aurkituko duzue». Bota zuten, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela aditu zueneko, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta jauzi egin zuen urera. Beste ikasleak txalupan etorri ziren, sarea arrainekin arrastaka zekartela, lehorretik hurbil baitzeuden, ehunen bat metrora. Lehorrera jaitsi zirenean, su-txingarrak ikusi zituzten eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetako batzuk». Igo zen Simon Pedro ontzira eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea urratu. Jesusek esan zien: «Zatozte gosaltzera». Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, bai baitzekiten Jauna zela. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman zien, baita arraina ere. Hirugarren aldia izan zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, ikasleei agertu zitzaiena.

Joan 21, 1-14.

“Sare” hitza, ikuspuntu biblikotik barne, oso polisemikoa izan da beti. Hartzen dituen esanahi guztietatik ziurrenez, segurtasuna eta  konfiantza adierazten dutenak lirateke adierazgarrienak. Bestelako da, ebanjelioa dela bide, ‘Sarea bota” lokuzioa, esanguratsua bihurtu zena, eta “eskuinera” botatzeko adierazten bada, oraindik beste esanahi bereziagoa hartzen duena.

Joan Ebanjelistak gaurko pasartean esaten duenez, Jesusek bere ikasleekin izan zuen hirugarren agerketa kontatzen du. Arrantzan porrot egin ondoren ematen dien aholkuari jarraituz, sarea itsasontziaren eskuinaldera botatzen dutenean, zortea aldatzen zaie. Ezagutu ez bazuten ere, konfiatu zuten, kasu egin zioten eta sari oparoa lortu zuten.

Jaunaren presentzia sumatzeko eta laguntza jasotzeko, adi egon behar da. Inguruko zaratak, sakabanatze eta deskuidu guneak alde batera utziz,  Jesus hurbiltzerakoan esaten diguna entzuteko, beti ere, grazia hori lortzeko eskaria eginez.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude