HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 9

Asteko lehen egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera abiatu ziren lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihalzerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen artetik piztu behar zuela.

Joan 20, 1-9.

Gaur esan beharrekoak ziur beste batzuetan entzun edo irakurri dituzula , baina gustatuko litzaidake beti bezala ez hartzea. Zerbait berri bezala irakurtzea beharrezkoa da. Ahaztu une batez errutina: batzuetan hain monotonoak diren gogoeta horiek, azala ia ukitu ere egiten ez dutenak. Ahaztu une batez egunerokoa: etxeko eztabaidak, minez dauden hezurrak, buruko minak, haurren burugogorkeriak, bizitzen uzten ez duten ardurak…

Gaur ebanjelioko hitzak berriak izan daitezke. Ebanjelioko hitzak sinesten badituzue, zuen bizitza berria izango da, beste era batera bizitzen hasiko zarete, eguneroko errutinak sakontasun ezezaguna izango du, ospakizun erlijiosoek argi berria izango dute, inork kendu ezin duen poza gonbidatua izango da, heriotza bera ere aukeraz beteriko atea izango da, bizitza itxaropenak lagundutako ibilbidea izango da, gaixotasun berak aurpegi ezezaguna izango du. Ebanjelioa ondo uler dezazuen, beharrezkoa da Jauna zuekin egotea… bihotza altxatzea… gure Jaungoikoari eskerrak ematea…

Anaiak, hau da gaur esan behar dizuedana: Nazareteko Jesus, Joseren eta Mariaren semea, bidegabe hil eta lurperatua, berpiztu egin da eta betiko bizi da!!! Heriotza garaitua izan da: horma zeharkaezina, iluntasun existentziala, inguratzen gaituen etengabeko gaitza, etengabeko kexua… ez dira erabat egia. Ez dadila pasa Pazko denbora hau Kristoren bizitzarekin konektatu gabe.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Zorionak guztioi!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude