HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 5

Aldi hartan, Hamabietako batek, Judas Iskariote zeritzanak, apaizburuengana joan eta esan zien: «Zenbat agintzen didazue, Jesus zuei eskura emateagatik?». Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zioten. Orduz gero, Jesus haiei eskura emateko egokiera bila zebilen Judas. Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-egunean, ikasleek Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten: «Non nahi duzu pazko afarirako prestaketak egitea?». Jesusek erantzun zien: «Zoazte hirira, halakoagana, eta esaiozue: “Maisuak dio hurbil dela beraren ordua, eta zuen etxean ospatu nahi duela Pazkoa ikasleekin”». Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta pazko-afaria prestatu zuten. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ari zirela, esan zuen: «Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau». Ikasleak, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka: «Nik ote, Jauna?». Hark erantzun: «Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz». Orduan, Judasek, salduko zuenak, galdetu zion: «Ni al naiz, Maisu?». Jesusek erantzun zion: «Zeuk esan duzu».

Mateo 26, 14-25.

Nik ote, Jauna?

Gizakion ezaugarria gure hauskortasuna da. Hauskortasun horren bitartez huts egiten diegu maite dugunei, hainbesteraino non batzuetan ez baikara geure buruaz ere fidatzen. Horregatik, gizartean, azken finean fidatzen ez garelako, kontrol-sistemak behar ditugu jendeak huts egin ez dezan eta gero eta txikiagoa dugun konfiantza traiziona ez dezan.

Aste Santuko egun handien atarian gaude Gaurko ebanjelioan ikusten dugu nola ikasleek Pazkoa prestatzen duten,  Judasek bere traizioa prestatzen duen aldi berean. Gauza bera adierazten duten prestaketak dira, Jainkoaren Semeak giza historian egin duen urrats handia. Urrats horretan, traizioak eta norberaren hauskortasunak gurutzea eta gurutzetik berpiztera eramango dute Jesus.

Pasio honetan Jesusen urratsak gertutik jarraitzen hasteko garaia da, Loiolako Ignaziok jainkotasuna nola ezkutatzen den begiratzera gonbidatzen gaituen garaia. Kontua da kontutan hartzea gizateria ere ezkutatzen dela. Jesusen pasioan gizaterian Jainkoaren moduak desagertzen dira, eta gezurra, iraina, bortxakeria eta injustizia agerian geratzen dira. Tartean, ikasleen adiskidetasuna, leialtasuna eta amodioa desagertzen dira, eta denbora honetan Jesusen berba ere isiltzen da.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude