Jerusalemerako bidean

2023 Api 3

“Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek” (Lk 9,51). Egiarekin bat-bat egina egotetik gainean zetorkiona erabakitasunez onartu eta erabakitasunez patuari aurre egiten agertzen zaigu Jesus  hasiera-hasieratik. Bizitzen ari garen garizuma bere zuztarretik bizi nahi badugu, Berpizkunde eta Pazkoa beren betean hartzeko prestaketa-erromesalditzat jo daitekeen garizumaren esanahi sakona ulertu nahi badugu, hasiera honetatik beretik hasi behar dugu zinez ibilbidea egiten. Ezin helmugara era zinezko batean ailegatu, helmuga delako horrek bere baitan barnebiltzen duen guztia geureganatu gabe. Jesusek ez zion iskintxo egin bere egitekoari, ezta hortik etorriko zaion patu beltzari ere.

Jerusalemerako azken bidaia hau ez zuen bakarka egin. Ikasleen konpainian egin zuen. Ez du ematen baina ikasleak bidaia berbera egitear zeudenik. Eurak ere harantz zihoazen, bene-benetan zertara zihoazen orduko hartan bihozkadarik izan gabe baina. Jesus Golgota aldera ari zen abiatzen, haraino ere ari zitzaizkion ikasleak Jesusi laguntzen. Ezertxo ere ulertu gabe orduko horretan. “Zoazen lekura zoazela, hara joango naiz zurekin”, esan zion bere ikasleetako batek, eta Jesusek zer ziotsan ere ez zekiela agerrarazi nahian-edo, jarraiko  hau erantzun zion bueltan: “Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri” (Lk 9,58). Giza egiteko zilegi asko eta, egin-egin beharrekoak, zituzten ikasleek; batek aitaren hileta prestatu behar zuen, besteak etxekoak agurtu behar zituen aurrez… Egiteko eta kezka normalak giza mailan eta norbere egunerokotasunean lehenetsi beharrekoak, nola ez. Ordura arte Jesusek bizitzari bete-betean emana jardun bazuen ere, orduko legalismo, moralismo eta konbentzionalismo zenbaiten zentzugabekeria erakutsian jarrita, orain harago ere joango da. Bera izan zena, Bera zen eta ordezkatzen zuen guztia bere betera eramatera zihoan. Hau baina ezin izan zuen burutu, ezin izango zuen burutu era lasaian. Azkenik, jomuga zuen horrek Bera Berori, bere burua, entregatzera eraman zuen Jerusalemera. Ordua ailegatu zitzaion. Golgota aldera zihoan, hara zihoan, bere bizitza eskaintzera.

Orain gure bizitzari begira jartzen bagara, norberarenari, zera esan beharko genuke: denok dugu zain, berandu baino lehen, gure “Golgota”, bizitzaren amai gisa. Geuk ere, ikasleek egin zuten moduan, giza mailan, eta kristau mailan, maiz askotan, gehienetan, oso oharkabean bizi dugu bizitza bera dugun ibilbidea. Hau edo beste izan, honelako eta halako izan, beti arituko gara geure “Jerusalemerako bidea” egiten, ohartuki edo oharkabean, arituko gara geure bizitza, geu garen hori, eskaintzen. Zer ari garen eskaintzen, edota horren gainean zer kontzientzia izan dezakegun, hori besterik da.

Kristauok geure bizitza-ibilbidea Jesusekin, Jesusi jarraituz, egitea uste dugu. Hori behintzat izan beharko litzateke kristau izatearen ezaugarria. Jesusen ikasleek ere hala jardun zutela zeritzoten. Asko eskatzen du baina Jesusi jarraitzeak; prest al gaude zutik egoteko, bizitzeko lurrik ere ez dugularik? Prest al gaude geure buruari uko egiteko Berari jarraitze aldera? Jesusek baina, bizitza bere betera eraman zuen, bere betean maite izan zuelako. Eta bizitza bere berean eta bere betean besarkatze honek berorren baitan zekarren “gaua” ere onartzera eraman zuen itzulinguruetan ibili beharrik gabe.

Geure burua Beraren jarraitzailetzat dugunok bere ikasleak harrapatu zituen tentazio berberera lerra gaitezke. Errealitatearen gordinak kristau espirituz zinez eskatzen digunari iskintxo egiteko tentaziopean bizi gara une oro. Zinez “bizi gabe” bizi dezakegu gure fedea. Jerusalemerako bidea egin uste bai, baina delako bidaia aurrez otzandu eta etxekotu eta gero, berorrek dakartzan ondorio eta eskakizun guztiak aurrez erauzita. Zebedeoren semeak izan ditzakegu “egin gabe” egite horren erakusgarri garbi bat; gogotsu aritu ziren eztabaidaka  loriazko postu gorenean euretako zein egongo, baita Jesusi ere eskatu eurak egon zitezen. Gu geu ere horrelatsu aritzen gara samurregi. Errazegi urardotzen dugu geure Jerusalemerako bidea, geure Gidaria, geure Maisua, ezagutu ez bagenu bezala jardunda. Harrigarria da gero ikustea noraino ailega daitekeen ustez Jesusengandik gertukoak direnen edo garenon itsukeria!

Uko egitea, geure burua eskaintzea eta, zergatik ez, nolabait hiltzea ere, horiek osatzen dute Egitasmoa. Zebedeoren semeek egin zuten moduan, Jesus, Bera egiten ari den Bidea, ekarri ohi dugu, tranpa eginez, gure aldez aurretiko egitasmoetara, kontrako zera egin beharrean, geure egitasmoak, geure bizitza, bere Bide erdian jarri eta eskaini, hau da, Jerusalemerako biderako egokitu eta eraldatu eta horrela zinez Jesusekin batera abiatu.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    “Giza egiteko zilegi asko eta, egin-egin beharrekoak, zituzten ikasleek…”. Halaxe gabiltza, borondate onenarekin ere. Jakingo al dugu une erabakigarrietan benetan jokoan dagoena ulertzen eta geure buruak ez engainatzen.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude