HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 2
K Aldi hartan, Hamabietako batek, Judas Iskariote zeritzanak, apaizburuengana joan eta esan zien:
S «Zenbat agintzen didazue, Jesus zuei eskura emateagatik?».
K Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zioten. Orduz gero, Jesus haiei eskura emateko egokiera bila zebilen Judas.
Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?
Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-egunean, ikasleek Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten:
S «Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?»
K Jesusek erantzun zien:
† «Zoazte hirira, halakoagana, eta esaiozue: “Maisuak dio hurbil dela bere ordua, eta zuen etxean ospatu nahi duela Pazkoa ikasleekin”».
K Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta pazko-afaria prestatu zuten.
Zuetako batek saldu egingo nau.
Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ari zirela, esan zuen:
† «Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau».
K Ikasleak, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
S «Nik ote, Jauna?».
K Hark erantzun:
† «Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz».
K Orduan, Judasek, salduko zuenak, galdetu zion:
S «Ni al naiz, Maisu?».
K Jesusek erantzun zion:
† «Zeuk esan duzu».
Hau nire Gorputza da. Hau nire Odola da.
K Afaltzen ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen eta, bedeinkapenotoitza eginez, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez:
† «Hartzazue, jan: hau nire Gorputza da».
K Gero, edalontzi bat hartu eta, esker onezko otoitza eginez, eman zien, esanez:
† «Edan guztiok honetatik: hau nire Odola baita, itunaren Odola, bekatuak barkatzeko askoren alde isuriko dena. Hara zer diotsuedan: hemendik aurrera ez dut gehiago ardo honetatik edango, neure Aitaren erreinuan zuekin ardo berria edango dudan eguna arte».
K Gorazarreak abestu ondoren, Oliamendirantz atera ziren.
Joko dut artzaina, eta artaldeko ardiak sakabanatu egingo dira.
Jesusek esan zien:
† «Gaur gauean zuen guztion sinesmenak huts egingo du Ni naizela-eta, honela baitago idatzirik Liburu Santuan: “Joko dut artzaina, eta artaldeko ardiak sakabanatu egingo dira”. Baina Ni, piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
K Orduan, Pedrok esan zion:
S «Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak inola ere ez».
K Jesusek erantzun zion:
† «Benetan diotsut: Gaur gauean bertan, oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu».
K Pedrok esan zion:
S «Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko».
K Eta gauza bera zioten ikasle guztiek.
Tristura eta larria sentitzen hasi zen.
Jesus ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien:
† «Zaudete hemen, Ni hara otoitz egitera noan bitartean».
K Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
† «Hiltzeko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batean».
K Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez:
† «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu nigandik edari mingots hau. Baina ez bedi egin Nik nahi bezala, Zuk nahi bezala baizik».
K Joan zen ikasleengana eta lo aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
† «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete nirekin erne egon? Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».
K Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez:
† «Ene Aita, edari mingots hau nahitaez edan behar badut, egin bedi zure nahia».
K Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten. Haiek utzita, berriro ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Gero, ikasleengana joan eta esan zien:
† «Egin lo eta hartu atseden. Hara, iritsi da ordua Gizonaren Semea bekatarien esku utzia izateko. Jaiki, goazen, hurbil da salduko nauena».
Heldu eta atxilotu egin zuten.
K Oraindik hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat; jende-talde handia zetorren harekin, apaizburuek eta herriko zaharrek bidalita, ezpatak eta makilak eskuetan zituztela. Saltzaileak seinale hau emana zien:
S «Nik musu emango diodana, huraxe da; atxilot ezazue».
K Berehala Jesusengana hurbildu eta esan zion:
S «Agur, Maisu!».
K Eta musu eman zion. Jesusek esan zion:
† «Adiskide, egizu egitekoa».
K Orduan, besteek, Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten. Jesusekin zeudenetariko batek, eskua luzatuz, ezpata atera zuen, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zion:
† «Itzuli ezpata bere lekura; ezpata darabilena ezpataz hilko da. Zer uste duzu? Ezin diodala neure Aitari dei egin laguntza eske? Hamabi aingeru-talde eta gehiago ipiniko lituzke berehala nire esku. Baina nola beteko lirateke orduan Liburu Santuak, honela gertatu behar duela baitiote».
K Une hartan, Jesusek jende-taldeari esan zion:
† «Lapur baten bila bezalaxe etorri zarete, ezpata eta makilekin, Ni harrapatzera. Egunero esertzen nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin gertatu da».
K Orduan, ikasle guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten.
Ikusiko duzue Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean esertzen.
Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiaren etxera eraman zuten, han baitzeuden bilduta lege-maisuak eta herriko zaharrak. Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan zen eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan bukatzen zen ikusteko. Apaizburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen contra gezurrezko testigantza bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez zuten aurkitzen, gezurrezko testigu asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziren, esanez:
S «Honek esan zuen: “Jainkoaren santutegia desegin dezaket eta hiru egunean berriro eraiki”».
K Zutitu zen orduan apaiz nagusia eta esan zion:
S «Ez al diezu ezer erantzun behar zure kontrako salaketa horiei?»
K Baina Jesus isilik zegoen. Apaiz nagusiak esan zion:
S «Jainko biziagatik eskatzen dizut: Esaguzu Zu zaren Mesias, Jainkoaren Semea».
K Jesusek erantzun zion:
† «Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraintxetik Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eseria eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko duzue».
K Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen, esanez:
S «Biraoa esan du. Ba al dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?».
K Haiek erantzun:
S «Heriotza merezi du».
K Orduan, aurpegira listua bota eta ukabilka erabili zuten; beste batzuek masailekoak ematen zizkioten, esanez:
S «Asma ezak, Mesias: zeinek jo hau?»
Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.
K Pedro kanpoan zegoen eserita, patioan; neskame batek hurbildu eta esan zion:
S «Zu ere Jesus Galilearrarekin ibili ohi zinen».
K Pedrok guztien aurrean ukatu zuen:
S «Ez dakit zertaz ari zaren».
K Atarira irten zen, eta beste neskame batek ikusi eta esan zien ingurukoei:
S «Hau Jesus Nazaretarrarekin ibili ohi zen».
K Pedrok berriro ukatu zuen, zin eginez:
S «Ez dut ezagutzen gizon hori!».
K Handik laster, han zeudenek Pedrogana hurbildu eta esan zioten:
S «Bai, zu ere horietakoa zara; hizkeran ezagun duzu».
K Orduan Pedro biraoka eta madarikazioka hasi zen:
S «Ez dut ezagutzen gizon hori!».
K Eta berehala oilarrak jo zuen. Jesusek esana gogoratu zitzaion Pedrori: «Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.
Pilato gobernariari eskura eman zioten Jesus.
Eguna argitu zuenean, apaizburuek eta herriko zahar guztiek Bildu eta Jesusen aurkako erabakia hartu zuten, heriotzara kondenatzeko. Eta loturik hartu eta Pilato gobernariari eskura eman zioten.
Ez da zilegi diru hau tenpluko diru-kutxara botatzea, odol-saria da eta.
Judas saltzaileak, Jesus kondenatu zutela ikusirik, damu izan zuen eta zilarrezko hogeita hamar txanponak apaizburuei eta herriko zaharrei itzuli zizkien, esanez:
S «Bekatu egin dut errugabea heriotzara emanez».
K Baina haiek erantzun zioten:
S «Eta guri zer? Hor konpon!».
K Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, handik atera eta bere burua urkatu zuen. Apaizburuek dirua jaso eta esan zuten:
S «Ez da zilegi diru hau tenpluko diru-kutxara botatzea, odol-saria da eta».
K Eta, elkarrekin erabakia hartu ondoren, «Eltzegilearen Soroa» erosi zuten, kanpotarren hilerritarako. Horregatik, gaur egun ere, soro hari «Odol Soro» deritza. Honela bete zen Jeremias profetak esana: «Zilarrezko hogeita hamar txanpon hartu zituzten; hori izan zen israeldarrek ezarri zioten salneurria. Eta Eltzegilearen Soroa erosteko erabili zituzten, Jaunak agindu zidan bezala».
Juduen erregea al zara Zu?
Jesus Gobernariaren aurrera aurkeztu zuten. Gobernariak galdetu zion:
S «Juduen erregea al zara Zu?»
K Jesusek erantzun zion:
† «Zeuk diozu».
K Apaizburuak eta herriko zaharrak salatu eta salatu ari ziren Jesusen aurka, baina hark ez zuen hitzik erantzuten. Pilatok esan zion:
S «Ez al duzu entzuten zenbat gauza ateratzen duten zure kontra?».
K Jesusek salakuntza bakar bati ere ez baitzion erantzunik ematen, zeharo harriturik zegoen Gobernaria. Pazko-jai guztietan preso bat askatzeko ohitura zuen Gobernariak, herriak nahi zuena. Bazen orduan preso sonatu bat, Barrabas zeritzana. Herria bildu zenean, Pilatok galdetu zien:
S «Nor nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias delakoa?».
K Bai baitzekien bekaitzez emana ziotela Jesus. Auzitegian eseririk zegoela, emazteak mandatu hau bidali zion:
S «Ez egin ezer errugabe honi; asko sufritu dut bart ametsetan hori dela eta».
K Baina apaizburuek eta herriko zaharrek jendea berotu zuten, Barrabasen askapena eta Jesusen heriotza eska zitzan. Gobernariak berriro galdetu zien:
S «Bietako zein nahi duzue askatzea?».
K Haiek erantzun:
S «Barrabas».
K Pilatok esan zien:
S «Eta zer egin behar dut Jesusekin, Mesias delakoarekin?».
K Denek erantzun zuten:
S «Josi gurutzean!».
K Eta hark:
S «Zer oker egin du, bada?».
K Haiek, gero eta deiadar handiagoz:
S «Josi gurutzean!».
K Pilatok, dena alferrik zela eta gainera iskanbila sortzera zihoala ikusirik, ura hartu eta eskuak garbitu zituen jendearen aurrean, esanez:
S «Ez naiz gizon honen heriotzaren erantzule. Zeuek ikusi!».
K Herri osoak erantzun zuen:
S «Gu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!».
K Orduan, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haiei eskura eman zien, gurutziltza zezaten.
Agur, juduen erregea!
Gobernariaren gudariek jauregira eraman zuten Jesus eta gudari-talde osoa bildu zuten haren inguruan. Soinekoak erantzi eta purpurazko kapa jantzi zioten. Arantzaz eginiko koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan. Eta, aurrean belaunikaturik, iseka egiten zioten, esanez:
S «Agur, juduen erregea!».
K Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten. Nahiko iseka egin ondoren, kapa kendu eta bere soinekoak jantzi zizkioten. Gero, gurutzean jostera eraman zuten.
Jesusekin batean bi gaizkile gurutziltzatu zituzten.
Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten. Golgota izeneko lekura iritsi zirenean –Golgotak «Buru-hezur» esan nahi du–, behazunez nahastutako ardoa eman zioten edatera; Jesusek dastatu zuen, baina ez zuen edan nahi izan. Gurutzean josi zutenean, gudariek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez, eta han gelditu ziren eserita hura zaintzen.
Buruaren gainaldean kondenazioaren arrazoia ipini zuten idatzia: HAU JESUS DA, JUDUEN ERREGEA. Jesusekin batean bi gaizkile gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.
Jainkoaren Seme baldin bahaiz, jaits hadi gurutzetik!
Handik igarotzen zirenek iraindu egiten zuten Jesus, buruari eraginez eta esanez:
S «Santutegia desegin eta hiru egunean berriro eraikitzen omen huen horrek, salba ezak heure burua, Jainkoaren Seme baldin bahaiz! Jaits hadi gurutzetik!».
K Era berean, apaizburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek ere burla egiten zioten, esanez:
S «Besteak salbatu dizkik, eta bere burua ezin salbatu. Israelgo erregea omen duk; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu beragan. Jainkoagan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zian, ba, esaten Jainkoaren Semea zela?».
K Berarekin gurutzean josirik zeuden bi gaizkileek ere irain egiten zioten.
Eli, Eli, lema sabaktani.
Eguerditik hirurak arte, ilundu egin zuen lurbira osoan. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
† «Eli, Eli, lema sabaktani»,
K hau da:
† «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»
K Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten:
S «Eliasi deika ari duk».
K Berehala, haietako batek, lasterka joan, ozpinetan bustitako belakia hartu eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion. Besteek, ordea, zioten:
S «Egon, ea datorkion Elias salbatzera».
K Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.
Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.
Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren; hilobiak ireki eta hilik zegoen santu asko piztu egin zen. Hauek, beren hilobietatik atera eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten:
S «Benetan, Jainkoaren Semea zen hau».
K Bazen han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziren, haren zerbitzari; haien artean, Maria Magdalena, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.
Josek harkaitzean zulatutako bere hilobi berrian ipini zuen Jesusen gorpua.
Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, bera ere Jesusen ikaslea. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Orduan, Pilatok emateko agindu zien. Josek, Jesusen gorpua harturik, izara garbi batean bildu eta harkaitzean zulatutako bere hilobi berrian ipini zuen. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen eta joan egin zen. Maria Magdalena eta beste Maria hilobi aurrean eserita zeuden.
Badituzue zeuen guardiak; zoazte eta zaindu dakizuen eran.
Pazko-jaia prestatzeko egunaren ondoren, larunbatean, apaizburuek eta fariseuek Pilatogana elkarrekin joan eta esan zioten:
S «Jauna, oroitu gara gezur-saltzaile hark, artean bizi zela, nola esan zuen: “Hiru egunen buruan piztuko naiz”. Agindu ezazu, beraz, hilobia zaintzeko hirugarren eguna arte; ez dadila gerta haren ikasleek gorpua ostu eta gero “Piztu da hilen artetik” herriari esanez etortzea. Azken engainu hau lehenbizikoa baino okerragoa izango litzateke».
K Pilatok erantzun zien:
S «Badituzue zeuen guardiak. Zoazte eta zaindu dakizuen eran».
K Joan ziren, bada, eta hilobia segurtatu zuten, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.
Mateo 26, 14 – 27, 66.
Pasioaren atarian abiapuntu sabeldu bat aurkezten da: Judasen salaketa arbuiagarria. Honek prestatu baitzuen bere Maisua heriotzara eramango zuen plana. Jarraitzaile hau traidore saltzaile izatera heltzeak ez luke pentsarazi behar soilik gaiztakerietan ibiltzeko gaitasun berezia zuenik. Apostoluen artekoa izanda, ongirako joerakoa ere izango zen. Bestela ez zioten Jesusen ohiko taldekidetzat onartuko eta ezineko egingo zitzaion azkeneraino irautea. Hori gutxi ez eta gainera taldearen diruzaina zen.
Apostoluak aspaldidanik boterearen kilika gainditu ezinean zebiltzan bitartean, Judasi diruak erakarri zion. Ala ilunabartuta zegoen Jesusek ez ziolako botereari nahi adinako borroka bizkorgarririk eragiten.
Ezin jakin Judasek ba ote zekien arerioei emandako datuekin erabat errazten zuela Jesus hiltzeko planak garaipena lortzea. Agian ez zuen hartaraino heldu nahi. Zeren gertakariak benetan atzeraezin zetozela nabaritzean, errudun sentitzen da. Maisuaren heriotza zuzenki bilatu ala ez, gainera etorri zitzaion damua. Bere buruaz beste egin arte. Bekatua gauzatu aurretik gogo kilikagarria edo onura-bideren bat sentitzen da; behin eginda, isilune larrigarri gisa, errua.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments