HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 1

Aldi hartan, Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, harengan sinetsi zuten. Haietako batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten. Orduan, apaizburuek eta fariseuek Batzarra bildu zuten, eta hau esan: «Zer egin? Gizon hau ezaugarri asko egiten ari da. Horrela jarraitzen uzten badiogu, denek sinetsiko dute honengan, etorriko dira erromatarrak eta suntsitu egingo dizkigute bai tenplua eta bai herria». Batzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zarete konturatzen hobe duzuela gizon bat herriagatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?» Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan; baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, profeta bezala hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean; eta herriaren alde ez ezik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere. Eta egun hartan, Jesus hiltzea erabaki zuten. Horregatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zen, eta herrialdeko jende asko Jerusalemera igo zen Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer deritzozue? Ez ote da jaietara etorriko?» Apaizburuek eta fariseuek agindua zuten, baldin inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala ziezaiela, atxilotu ahal izateko.

Joan 11, 45-47.

Lazaroren alde Jesusen partehartzeak harrituta utzi zituen juduak. Batzuk Jesusen aldeko geratu ziren, beste batzuek onartezina zeritzoten. Aldekoak fariseuengana joan ziren gertakizunaren balioa eta testigantza azaltzera; aurkakoak, gizon hura arriskugarria suerta zitekeela ohartzera. Azken hauen susmoa zen Jesus tranpati hutsa gertatuko ote zitzaien. Beraz, epaiketa egin beharko liokete eta argitu beharrak argitu.

Nahiz eta Lazaroren arrebak bi izan, Marta eta Maria, Jesus Mariarengana hurbildu zen. Bietatik atsekabetuen zegoelako. Eta ez zen euren etxera joan; Betaniatik kanpo hartzen du bisitan Maria. Jende multzotik eta ohiko negarraldietatik aldendu eta giro bakartsuan, bihotz-mina aurrez aurre eta duintasunez arintzeko. Fintasuna lehenesten du. Ekimen txikia zirudien, baina Mariari sarkorra suertatu zitzaion. Kontuan hartzekoa da errespetuzko elkarrizketa isolatuen eragina.

Hasieran Marta eta Mariari desatsegin egin zitzaien Jesusen bisita “berandutua”. Zergatik ez zen lehenago etorri? Ez zitzaion hain zaila, ba! Martari fedeak lagunduko dio Jesusen ahalmena ulertzen: ez zen patxada edo utzikeria geldoa. Mina pausatzean zegoen gakoa.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude