HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 30

Aldi hartan, Jesusek hau esan zien juduei: «Egi-egiaz diotsuet: Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko». Juduek esan zioten: «Orain bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen eta profetak ere bai; eta Zuk diozu: “Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko”? Gure aita Abraham baino handiago al zara, bada, Zu? Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?» Jesusek erantzun zien: «Nire burua Neuk ohoratuko banu, nire ohore horrek ez luke ezer ere balioko; baina Aitak, zeuen Jainkoa omen duzuenak, ohoratzen nau Ni; zuek, ordea, ez duzue Hura ezagutzen; Nik, bai, ezagutzen dut, eta ezagutzen ez dudala esango banu, gezurti izango nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut eta gordetzen ere haren hitza. Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko zuen itxaropenez; ikusi zuen eta alaitasunez bete zen». Orduan, juduek esan zioten: «Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi duzula?» Jesusek erantzun zien: «Bene-benetan diotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naiz Ni». Orduan, harriak hartu zituzten hari jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zen eta tenplutik atera.

Joan 8, 51-59.

“Nire hitza gordetzen duenak…”. Hau da: bere bideari jarraitzen dionak, edo irakaspen horretan konfiantza sakonean irauten duenak… “ez du inoiz heriotzarik ikusiko». Beste era batera: ez du sekula Jainko gabe geratzen ari denik sentituko. Biziaren ildoan sentituko da, baita hiltzerakoan ere, Biziari aurrez aurre begira balitz bezala eta ez beldurra barneratzen duenak bezala atzerantz begira.

Hizketaldi honetan Jesusek heriotza espirituala aipatzen die. Egon gaitezke fisikoki bizirik eta espiritualki hilik. Heriotza fisikoan gorpuaren bizitasuna deseginda geratzen bada, batek heriotza espirituala jasaten badu Jainkoarekiko lokarria eten egin zaiolako da: hutsean sentituko da. Heriotzaren ordez bizia sentitzen badugu, bizirik gaude.

Hara ba, Jesusek bezala zera senti genezake gure muin-muinean: “ni naiz”, gorabehera guztietatik harago “bizian nago”, “Biziak berak altxatzen nau, nire ezinetan erortzen naizenean”. Bizipen horrek ematen zion konfiantza zabaletik sortzen zitzaizkion Jesusi judutarrei elkarrizketa horretan esan zizkienak. Biziaren zabaltasunetik mintzo zitzaien, eta eurek zentzu estutik entzun. Nola ulertuko zioten, ba!

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude