HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 29
Aldi hartan, Jesusek honela esan zien beragan sinetsi zuten juduei: «Nire mezuan tinko irauten baduzue, egiaz nire ikasle izango zarete; egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte». Erantzun zioten: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola diozu aske izango garela?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Bekatu egiten duena bekatuaren esklabo da. Esklabo ez da etxean betiko geratzen; semea, bai, betiko geratzen da. Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete. Badakit, bai, Abrahamen ondorengoak zaretela; baina Ni hil nahian zabiltzate, nire hitza ez baita zuengan sustraitzen. Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz Ni; zuek, berriz, zeuen aitarengandik ikasi duzuena egiten duzue». Haiek erantzun zioten: «Abraham dugu aita». Jesusek orduan: «Abrahamen seme bazinete, Abrahamek egin zuena egingo zenukete. Zuek, ordea, Ni hil nahian zabiltzate, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez dizuet esan. Abrahamek ez zuen horrelakorik egin. Zuek zeuen aitak egiten duena egiten duzue». Erantzun zioten: «Gu ez gara sasikume; aita bakarra dugu, Jainkoa». Jesusek orduan: «Zuen aita Jainkoa balitz, maite izango nindukezue, Ni Jainkoagandik atera bainaiz eta etorri; Ni ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik».
Joan 8, 31-42.
Nola ausartzen da Jesus judutarrei esaten «nire hitzean irauten baduzue, ezagutuko duzue egia, eta egiak aske egingo zaituzte»? Zer da bere hitzean irautea? Jarraipen murriztaile bat?, bere mende geratzea?
Jesusen hitzak bere jarrerak eta hautuak dira; bere lehentasunak. Eta horiek geuk garatzea da eskatzen duena. Biziera mota baten laburpen dira hitzak, jada ahalegintzen eta gauzatzen ari direnaren lema laburrak. Baita nolako bidea egiteko dagoen aldarrikapena ere. Ekintzaile eta bizi barneratzaile da Jesus, hizlari baino.
Besteek kontuan hartzen nautenean esan dezakete lantzen ditudan jarrerak eta ekintzak Jesusen ildokoak direla? Eta lorpen harrigarrietara iristen ez banaiz ere, bide horretan behintzat ikasle nabilela? Ikasle aske eta eskuzabal, ahal dudana ematen?
Egiak “aske” egingo omen gaitu. Ez askatasun politikoa edo gogoko dudan hori aukeratzea. Barne askatasuna da, morala, ausardi espirituala. Horrelako askatasunera erakarriko gaitu Kristok. Ez zaigu beti ageriko izango. Luzarora, ordea, zerbaitek moldatu gaituela eta, horren antzekoak garela irudituko zaigu. Egiara hurbildu garela sentituko dugu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Hitzean iraun… ausardi espirituala…