HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 28

Aldi hartan, Jesusek hau esan zien fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zarete; baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan». Orduan, entzuleek esan zuten: «Bere burua hil behar ote du? Horregatik esan ote du “Ni noan tokira zuek ezin zarete joan”?» Jesusek jarraitu zuen: «Zuek behekoak zarete, Ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, Ni ez naiz mundu honetakoa. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuetan hilko zaretela; zeren, “Ni naizela” sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete». Orduan, «Nor zara Zu?» esan zioten. Jesusek erantzun: «Hasieratik ari natzaizue esaten. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bidali nauena fidagarria da; eta Nik, hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari». Haiek ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. Jesusek, bada, esan zien: «Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan jakingo duzue Ni naizela, eta ez dudala neurez ezer egiten; baizik eta Aitak erakutsi didana bakarrik esaten dudala. Ni bidali nauena nirekin dago; ez nau bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti». Jesusek gauza hauek esan zituenean, askok sinetsi zuten harengan.

Joan 8, 21-30.

Nor dira besteak? Soilik ikusten ditugunen araberakoak? Hala, ahalmen zabalagoak ote dituzte? Eta norberagana etorriz: Nor naiz ni? Noraino haz naiteke? Eta noraino sakondu?

Oraingoan Jesus berataz mintzo zaie fariseuei, baina euren izaeraren esparru ez-ezagunak erdi adierazita utziko dizkie. “Uste duzue gauza zaretela dagokizuen guztia igartzeko?” da zuzentzen ez dien erdi-galdera. Zera nahi du bere solaskideek ondoriozta dezaten: gugan dagoen ia mugarik gabeko egia sumatu ahal izateko, denbora eta pazientzia behar dela. Egia ez baita bat-batean argitzen.

Jesus ezagutzen zutela sinesturik zeuden. Baina ez zeuden berak zuen egia indartsuaz ohartuta. Eta ohartzen ote gara gure egiak bide luzeagoa duela?

Aurrekoz atzera, hizketaldi honen gakoa “Nor zara?” galderan datza. Baina ez bakarrik nor den bera. Hori Jesusen alferrikako protagonismoa litzateke. Baizik, galdera gutariko bakoitzarengana ekarriz, ezagunak zaizkigun gure egietatik zerbait harago aurkitzeko aukera profitatzea prest ote garen…

Nitasunean geratzeko hain ohiko den garai honetan, Jesusek ikusmira mugagabeak eskaintzen dizkigu hemen.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude