HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 27

Aldi artan, Jesus Oliamendira joan zen. Biharamun-egunsentian, ordea, tenplura agertu zen berriro, eta herri guztia etorri zitzaion; Jesus eseri eta irakasten hasi zitzaien. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri zioten eta, erdian ipiniz, hau esan zioten Jesusi: «Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu zigun legean. Zuk zer diozu?» Azpikeriaz esaten zioten hori, zertan salatu izateko. Jesus, ordea, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Baina haiek galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu eta honela esan zien: «Zuen artean bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria». Eta, berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek, zutiturik, zera esan zion: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Hark erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin berriro bekaturik!».

Joan 8, 1-11.

Oliamendiko gau-otoitzalditik dator Jesus pasarte honetara: bizipen bare eta apaletik. Fariseuak, bestalde, zuzentasun etiko zorrotzetik. Jatorri desberdinetik iristean, zuzentasun-ezaren ezaugarriei desberdin erantzuten diete. Batek, errukia ahalbidetuz; besteek erantzun “zorrotza”.

Jesusen trataera psikoanalisiaren irizpide nagusi bati lotu dakioke: “ikusi eta antzeman”. Hau da, norberaren ekintzetan badirela sustrai ezkutu eta sakonak. Eta hauek moldatzen dutela gizabanakoen jarrera eta eginbidea.

Fariseuei onartezin egiten zitzaien oker zegoena. Oker aritu denak errua du eta errudun bilakatu da. Ez besterik: errudun. Eta errudunari zigorra, hestu hartuz. Jesusek, ordea, ez du pertsonaren gaizkia soilik ekintzen arabera sailkatzen.

Egun onartzen dugu norbait bere ekintzak baino gehiago dela. Eta epaitu, soilik ekintzak epaitzen direla, ez pertsonak. Juridikoki bermatua dago. Baina, eguneroko jardunean?

Psikoanalisiak badu ohartarazia pertsona bakoitzaren barne bulkaden artean gaizkiarekiko irrika arruntak daudela… Edo bizipen batzuek “zauri isilak” uzten dituztela, gaizkia portaera okerra moduan kanporatuz…

Gaizkiak giza misterioa izaten dirau. Eta Ebanjelioaren pasarte honek eguneroko eskuliburutzat balio diezaguke.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude