Arau bakarra elkar maitatzea (Joan 1, 8-11)

2023 Mar 27

Onartu behar duzu, Jauna,
arauak ondo datozkigula,
erosoak direla, alegia,
aldatzen ez diren errezetak
erabilgarriak direla oso:
bakailaoari gatzik ez,
elkartasunerako diru sarreren ehuneko jakina
eta adulterioan harrapatutako emakumeari… harriak.

Horrela erraza da,
baduzu irizpide argia
eta ez duzu pentsatu eta erabaki beharrik:
agindutakoa egin
(errezetak hitzez hitz aplikatu)
eta kito;
zalantza, besterik egitea hobe ote den zalantza,
gainetik kendu dugu;
eta araua hotz-hotzean aplikatzean
egindako balizko kalteen erantzukizuna ere bai.
Horregatik maite ditugu arauak
eta hainbat gauzatarako ezartzen,
inoiz edo behin betetzea
gogor samarra egiten bazaigu ere.

Jesusek, berriz,
gauzak bestela ikusten zituen.
Berak zioenez,
bekatua araua haustea baldin bada,
guztiak gara bekatariak:
“Bekaturik ez duenak
jaurti dezala lehen harria”;
(“Zuen artean baten batek
bekaturik egin ez badu,
horrek eskubidea dauka
araua aplikatu eta
emakume hau harrika hiltzeko”).
Eta gero Jesusek berak,
bekaturik gabeko bakarrak,
“nik ere ez zaitut gaitzesten”.
Ez, Jesusen ustez arauek eta errezetek
ez zuten asko balio,
arau guzti-guztiak
bekatariarenganako maitasuna
baino txikiagoak ziren,
arau guzti-guztiek
elkar maitatzeko araua osatzeko
balio zuten soilik.

Eskerrik asko, Jauna,
noizean behin gure aurrean ere
arau hotzen baliogabea salatzen duzulako;
eskerrik asko,
edozein kasutan ere elkar maitatzea
eman diguzun arau bakarra delako;
eskerrik asko,
erabakia gure eskuetan utzi duzulako,
horrela zure proiektua,
gure onerako ez ezik,
geurea ere izan baitaiteke.

Baina, Jauna, zuk badakizu
guretzat berriro bekaturik ez egitea
eta gainerakoak arauen arabera ez epaitzea
ez direla gauza errazak.
Lagundu, Jauna, elkar maitatzen,
elkar maitatzea gure arau bakarra izan dadin;
lagundu geure interesen aurrean
mota guztietako neba-arrebak jartzen,
epaiaren ordez, errukia erabiltzen
eta arau hotzera barik, errukira jotzen.
Horrela poz betean entzun ahalko dugu zure hitza:
“Nik ere ez zaitut gaitzesten”.
“Zoaz mundura
eta ez egin berriro bekaturik!”

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude