HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 25

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goigoikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.

Lukas 1, 26-38.

Ebanjelioetako testuak ez daude guretzat idatzita, orain dela bi mila urte gureaz guztiz bestelako gizarte batean bizi ziren emakume eta gizonentzat baizik. Horregatik hainbat elementu arrotz egiten zaizkigu: aingerua, Espiritu Santua birjina baten gainean itzala egiten, oraindik gauzatu ez bide den betiko erregetza… Geurera ekarri behar, hau guztia serio hartuko badugu.

Pasarte honetan esaten zaigunez, Mariak, sabelean zeukan eta bere senarrarena ez zen haurra Jainkoagandik zetorrela jakin zuen (gauza horiek jakin daitezkeen neurrian, noski; horregatik agertzen da Gabriel, hau da, “Jainkoaren bozeramalea”, nolabait esateko) eta, ulertzeko zaila bada ere, lehen kristau komunitateek, lehen mendeko bazterreko judu harengan Jainkoaren promesak betetzen zirela aldarrikatu zuten.

Hori da gure fedea. Kontua, gainera, ez da gauzak honela ala bestela gertatu zirela pentsatzea, Jainkoagan konfiantza edukitzea baizik: “gerta bekit niri ere zuk diozun bezala; saiatuko naiz ni ere mundua zure senidetasun‑proiekturantz bultzatzen”.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude