HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 24

Aldi hartan, Jesus Galilean zebilen; ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil egin nahi baitzuten. Hurbil zen Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan zirenean, Jesus ere joan zen; baina ez agerian, erdi ezkutuan baizik. Jerusalemdar batzuek zioten: «Ez al da hau hil nahi dutena? Lasai asko ari da, bada, hizketan, eta ez diote ezer esaten. Onartu ote dute agintariek hau dela Mesias? Baina hau badakigu nongoa den; Mesias etorriko denean, ordea, ez du inork jakingo nongoa den». Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ari zela, oihuka esan zuen: «Ni ezagutzen nauzue eta badakizue nongoa naizen. Baina Ni ez naiz neurez etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator eta hark bidalia bainaiz». Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ezin izan zion inork eskurik erantsi, ez baitzen artean iritsia haren ordua.

Joan 7, 1-2. 10. 25-30.

Jesusekin topo egitea aipatzen dugunean, gertakari miragarriren bat espero izaten dugu sarritan; baina Jesus ez zaigu horrela agertzen, eguneroko gauzetan baizik. Hori bai, zaila egiten zaigu identifikatzea, gauza ezagun-ezagunetan agertzen denez, zalantza izaten baitugu beti: “baina hori badakigu nongoa den”…

Jesus bizirik dagoela aitortzen dugu, baita berarekin topo egitea posible dela ere. Baina atzetik ezagutu ohi dugu, jadanik igaro denean, gure historia orokorrean eta gutako bakoitzaren historian igarotzean utzitako aztarnak ikusi ahal ditugu. Edo, bestela esanda, historia aztertuta, Jainkoa bertan izan dela interpretatu.

Adi egon behar genuke, beraz, Jesus igaro delako seinaleak aurkitzeko. Gutxien espero dugun lekuan aurkituko ditugu, gure eguneroko inguru hurbil zein urrunean, eta gure bidea haien arabera geuk erabaki. Konfiantza izan dezagun, guk ere  bide horretan fidagarria denaren laguntza izango dugulakoan.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude