HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zien judu-agintariei: «Nik neure buruaren alde egingo banu aitormen, nire aitormenak ez luke balioko. Beste batek du nire alde aitormen egiten, eta jakin badakit hark nire alde egiten duen aitormenak balio duela. Zuek mandatariak bidali zenizkioten Joan Bataiatzaileari, eta hark aitormen egin zion egiari. Ez dut hau esaten inongo gizakiren aitormen-beharrik dudalako, zuek salba zaitezten baizik. Joan Bataiatzailea argi-zuzi piztua eta distiratsua zen, eta zuek, alditxo batez, poz hartu nahi izan zenuten haren argiaz. Baina Nik badut Joanen aitormena baino hoberik: Nik betetzeko, Aitak eman dizkidan egintzak; nire egintzek egiten dute aitormen nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen. Bidali nauen Aitak berak ere egiten du aitormen nire alde. Baina zuek ez duzue inoiz haren mintzorik aditu, ez haren aurpegirik ikusi, eta haren hitzak ere ez du zuen baitan lekurik, hark bidaliagan ez sinesteak erakusten duen bezala. Aztertzen dituzue Liburu Santuak, betiko bizia haietan aurkituko duzuelakoan, eta horiek dute, hain zuzen, nire alde aitormen egiten; hala ere, ez duzue nigana etorri nahi, betiko bizia izateko. Ez dut gizakiengandik aintzarik onartzen; baina ongi ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. Ni neure Aitaren izenean etorria naiz, baina zuek ez nauzue onartu; norbait bere izenean etorriko balitz, hura bai, onartuko zenukete. Nola sinets dezakezue zuek, elkarrengandik onartzen baduzue aintza, eta Jainko bakarragandik datorren aintzak ez badizue axola? Ez uste izan Aitaren aurrean Nik salatuko zaituztedanik; bada salatuko zaituzten norbait: Moises bera, zeuen itxaropen duzuena. Izan ere, Moisesi sinetsiko bazeniote, neuri ere sinetsiko zenidakete, nitaz idatzi baitzuen hark; baina hark idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esana?».

Joan 5, 31-47.

Jainkoa nolakoa den pentsatzen saia gaitezke, baina Jainkoa ezagutzeko bide hori agorra da guretzat, bera, guk pentsatu edo irudikatu ahal dugun baino askoz handiagoa baita beti. Judu‑kristauok tradizioan Jainkoa guretzat nolakoa den dakigu soilik, hau da, Jainkoak gugan zer egiten duen.

Hala Itun Zaharrean Israelek bere esperientzia kontatu zuen, Jainkoak bere herriaren alde egiten zituen gauzak gertatu ahala Jainkoari buruz beste zerbait ikasten zutelarik. Eta prozesu horren gailurra Jesus da. Jainkoa nolakoa den jakin nahi badugu, erantzuna argia da: Jesus bezalakoa. Eta Jainkoak zer nahi duen jakin gura badugu, berriz, erantzun hori ere argia da: Jainkoak Jesusek egiten zituen gauzak nahi ditu.

Jesusengan Jainkoaren proiektua bete da; gizakia, azkenik, Jainkoaren irudia da, sortu gintuenean Hark nahi izan zuen bezala. Zaila da Jesus bezala izatea; areago, ezinezkoa guretzat, bakarrik bagoaz. Baina Jesusek posible bihurtu zuen Jainkoaganako bidea; eta bera dugu bide-lagun.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude