HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Nire Aita lanean ari da beti, eta Ni ere lanean ari naiz». Esandako honengatik, juduak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian; larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita zuela baitzioen, bere burua Jainkoaren pareko eginez. Jesusek esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Semeak ez dezake ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten duena besterik: Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere. Izan ere, Aitak maite du Semea eta berak egiten dituen guztiak erakusten dizkio, eta hauek baino egintza handiagoak ere erakutsiko dizkio, harritu egingo zaituztetenak. Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die nahi dituenei. Aitak ez du inor epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du, guztiek, Aita ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten; Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen. Egi-egiaz diotsuet: nire hitza entzun eta bidali nauenagan sinesten duenak, betiko bizia du; ez da kondenatua izango, heriotzatik bizira igaroa baita dagoeneko. Egi-egiaz diotsuet: Badator ordua –hobeto esan, iritsia da–, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena, eta entzuten dutenak bizi egingo dira. Aitak bizia bere baitan duen bezala, Semeari ere bizia bere baitan izatea eman dio. Gainera, epaitzeko ahalmena eman dio, Gizonaren Semea delako. Ez harritu esaten dizuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dutena, eta hilobietatik aterako direna: on egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaitz egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko. Nik ez dezaket neurez ezer egin: Aitari entzun bezala epaitzen dut, eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea, bidali ninduenarena baizik».

Joan 5, 17-30.

Jesusek gaixo bat sendatu berri du larunbatez, atzoko pasartean irakurri genuenez, eta horrek gatazka eragin du orduko agintariekin: denbora sakratuan debekatutakoa egin du eta hil nahi dute. Gaurko pasartean Jesusek egindakoaren azalpena emango digu eta, besteak beste, gauza bi nabarmen ditzakegu.

Lehendabizi, Jesusek egindako gauzei buruz hitz egiten duela (“Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere”). Izan ere, Jesusen ustez garrantzitsuena ez da aitortzen dena edo zaintzen diren arauak, Aitak nahi duena egitea baizik, guretzat duen senidetasun‑proiektua bultzatzea, alegia.

Eta bigarrenez Aitak zer nahi duen jakiteko irizpidea Jesus bera dela: “epaitzeko ahalmena eman dio, Gizonaren Semea delako”. Jainkoaz ezer gutxi jakin dezakegu geurez; haren nahia ezagutzeko gure bide bakarra Jesus da.

Ez dago araurik, beraz; ez dago errezetarik. Inork ez digu norberak egin behar duena erabakitzeko lana kenduko. Saia gaitezen Jesusek gure egoeran zer egingo lukeen asmatzen eta horixe egiten. Hori dugu Jainkoaren nahia betetzeko bide bakarra.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude