HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 21

Aldi hartan, juduen jai bat ospatzen zen, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Bada Jerusalemen, Ardien Atea delakoaren ondoan, hebreeraz Betzata deritzan uraska bat, bost aterpe dituena. Aterpeetan gaixo asko egon ohi zen, lurrean etzanda: itsu, herren eta elbarri. Bazen han hogeita hemezortzi urtez gaixorik zegoen gizon bat. Jesusek, han etzanda ikusi eta aspalditik egoera hartan zegoela jakinik, esan zion: «Nahi al duzu sendatu?». Gaixoak erantzun zion: «Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara sartuko nauenik; ni iristerako, besteren batek aurrea hartzen dit». Jesusek esan zion: «Jaiki, hartu ohatila eta zabiltza». Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi zen. Larunbata zen egun hura, atseden-eguna. Horregatik, juduek esan zioten sendatuari: «Larunbata da, eta ez duzu zilegi ohatila eramatea». Hark erantzun zien: «Sendatu nauenak berak esan dit: “Hartu ohatila eta zabiltza”». Orduan, galdegin zioten: «Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizuna?». Sendatuak, ordea, ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen inguruko jendearen artean. Gero, Jesusek tenpluan aurkitu zuen eta esan zion: «Begira, sendaturik zaude. Ez egin bekaturik berriro, okerragorik gerta ez dakizun». Joan zen gizon hura, eta juduei jakinarazi zien Jesus zela sendatu zuena. Horregatik, hain zuzen, erasotzen zioten juduek Jesusi: larunbatez halako gauzak egiten zituelako.

Joan 5, 1-3. 5-16.

Erlijioak gizartean duen eragina gero eta txikiagoa den garai honetan, badirudi gure zereginik garrantzitsuena eragin hori berreskuratzea dugula, Elizan agintzen dutenek defenditzen dituzten baloreak sustatu eta Jesusen izena berariaz aldarrikatzea, alegia. Baina Jesusek, pasarte honetan behintzat, ez du horrela jokatzen.

Jesusek han zeuden gaixo (beraz, bekatari) guztietan baztertuenarengana jo zuen eta, bere ideiak inposatu gabe, sendatu nahi ote zuen galdetu zion. Jarraian, doktrinarik irakatsi gabe, sakoneko ezintasuna gainditzen lagundu zion (“hartu ohatila eta zabiltza”) eta gero jende artean ezkutatu zen.

Orduko agintariek Jesus denbora edo leku sakratuetan debekatuta zegoena egiteagatik kritikatzen zuten (azkenean horrexegatik hilko zuten). Eta badakigu gaur ere arauez bestela jokatzea arriskutsua izan daitekeela. Beharbada, dena den, Jesusen proposamena kontuan hartu beharko genuke, hots: bazterkeria jasaten duten “bekatariengana” jo, gure ideiak inposatu gabe euren egoeratik askatzen lagundu eta protagonismorik bilatu gabe desagertzea; agian horrela Jesus eurek aurkituko dute eta salbatu dituela aldarrikatu. Ez al da hori ebanjelizatzea?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Arauez bestela jokatzea…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude