HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 20

Jakobek Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen.

Mateo 1, 16.18-21. 24a.

Sarritan, gauzak ondo doazenean, nolabaiteko logikari jarraitzen diotela iruditzen zaigu, egindako ahalegin eta lanaren, ipinitako borondate onaren emaitza direla, alegia. Eta eskerrak ematea ere ahazten zaigu: azken batean, gauzak arrazoizko  moduan joan dira.

Beste batzuetan, berriz, gauzak ez doaz espero bezala familian, lanean, gizartean… zuk errurik ez duzun arren. “Zure emaztegaia haurdun dago eta haurra ez da zurea!”. Eta Jainkoarekin gogoratzen gara: Non ote zegoen Jainkoa, ez du‑eta hau galarazi? Zer egin dut nik, hau merezi izateko?

Gaurko pasarteak Jainkoaganako konfiantzaz hitz egiten digu. Jainkoa gure alde dago beti, zentzurik ezari zentzua ematen. Miseria zorion bihurtzen du Jainkoak, indarkeriatik samurtasuna ateratzen du, axolagabekeriaren gainean elkartasuna eraikitzen du. Laguntza eskatzen digu, hori bai, sufrimendutik salbazioa sortzeko, hori guztia gure bidez egiten baitu. Beharrezkoa da guk “Jesus”, hau da, “Jainkoak salbatzen du” esatea. Beharrezkoa du gure konfiantza, ikusten dugun gaitza gure gain hartu eta hortik Jainkoak guretzat duen proiektua aurrerantz bultzatzea.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude