HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 19

Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoalarik, jaiotzatik itsu zen gizon bat ikusi zuen. Eta ikasleek galdetu zioten: «Maisu, nork egin zuen bekatu, hau itsu jaiotzeko, honek ala honen gurasoek?». Jesusek erantzun zien: «Ez honek, ez honen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu. Egun-argi den bitartean egin behar ditut bidali nauenaren egintzak; badator gaua, eta orduan inork ez dezake lanik egin. Munduan nagoen bitartean, munduaren argia naiz». Hau esanik, listua bota zuen lurrera, listuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi zizkion itsuari; gero, esan zion: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan» (Siloek «Bidalia» esan nahi du). Joan zen, bada, itsua, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten: «Ez al da hau eserita eskean egoten zena?». Batzuek zioten: «Bai, hura da». Beste batzuek: «Ez, ez da hura, haren antzeko bat baizik». Berak, berriz, zioen: «Bai, huraxe naiz». Orduan galdetu zioten: «Nola ireki zaizkizu, bada, begiak?». Eta hark erantzun: «Jesus delakoak lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu dit: “Zoaz Siloera eta garbitu”; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz». Galdetu zioten: «Non da gizon hori?». Hark erantzun: «Ez dakit». Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izana, eta fariseuek berriro galdetu zioten nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien: «Lohia jarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut». Fariseuetako batzuek zioten: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez baitu larunbateko atseden-eguna errespetatzen». Beste batzuek, berriz, zioten: «Nola egin dezake bekatari batek horrelako ezaugarririk?». Eta ez zetozen bat beren iritzietan. Berriz galdetu zioten itsuari: «Eta zuk zer diozu begiak ireki dizkizunaz?». Hark erantzun: «Profeta dela». Hala ere, juduek ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta ikusten hasi zela. Beraz, haren gurasoei deitu eta galdetu zieten: «Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nolatan ikusten du, bada, orain?». Gurasoek erantzun zieten: «Guk badakigu gure semea dela eta itsu jaio zela; baina orain nolatan ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdetu berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko». Juduen beldurrez hitz egiten zuten gurasoek honela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea. Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdetu berari». Juduek bigarren aldiz deitu zioten itsu izanari eta esan zioten: «Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekataria dela». Hark erantzun zien: «Bekatari den ala ez, nik ez dakit. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala». Haiek berriro: «Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?». Hark erantzun zien: «Esan dizuet lehen ere, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik entzun nahi duzue berriro? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue ala?». Haiek irainez bete zuten eta esan zioten: «Zeu izango zara haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Jainkoak Moisesi hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu». Hark orduan: «Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta hark niri begiak ireki. Jakina da Jainkoak ez diela bekatariei entzuten, baizik eta jainkozale denari eta beraren nahia egiten duenari entzuten diola. Egundaino ez da entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. Gizon horrek, Jainkoagandik ez baletor, ezin izango luke ezer egin». Haiek erantzun zioten: «Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?». Eta kanpora bota zuten. Jakin zuen Jesusek bota egin zutela eta, aurkitu zuenean, galdetu zion: «Sinesten al duzu Gizonaren Semeagan?». Hark erantzun: «Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan». Jesusek esan zion: «Ikusi duzu; zurekin hizketan ari dena bera da». Hark orduan: «Sinesten dut, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu zitzaion. Ondoren, Jesusek esan zuen: «Epai baterako etorri naiz Ni mundu honetara; ikusten ez dutenek ikus dezaten, eta ikusten dutenak itsu bihur daitezen». Jesusekin zeuden fariseu batzuek, hori entzunik, esan zioten: «Gu ere itsu ote gara, bada?». Jesusek erantzun zien: «Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik. Baina ikusten duzuela diozuenez, zeuen bekatuan irauten duzue».

Joan 9, 1-41.

Zenbatetan gertatzen zaigu egiaren jabe garela sinestea, jendaurrean horrela esatea gaizki geratzen bada ere. Ezagutzen ditugu Ebanjelioaren kontakizunak. Badakigu zeintzuk diren Jesusen printzipio etiko nagusiak. Zaila da gaur Jesusek zerbait berria irakastea.

Gaurko Ebanjelioan, Jesus ikusi ezin duen jaiotzeko itsuaren, bila irteten da errukitu delako. Itsua Jesusek esaten dionaz fidatzen da, esandakoa betetzen du eta horregatik ikusten du. Aurrez-aurre, Moisesen Legea ongi ezagutzen duten fariseoak, itsua kondenatzera tematzen dira, bere aginduen arabera bekatari bat izan behar duelako. Hauek dira benetako itsuak, Jesus ulertzeko gai ez direnak, Bera ez ulertzen ere temati saiatzen direlako.

Gaur Jesusek gure itsutasunengatik interpelatzen gaitu. Jaiotzezkoak badira, Bizitzaren iturrira den Jesusengana joan gaitezke, Bera baita, begiak behin eta berriz garbituko dizkiguna, horrela, ikusmena berreskuratuz. Baina gure sasijakinduratik sortzen diren itsutasunek beste ahalegin bat behar dute, gure buruari begiratzeari uztea alegia, gure itxaropena Harengan bakarrik jartzeko.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude