HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 18

Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!”. Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Lukas 18, 9-14.

Otoitza, baraua eta limosna Elizak garizumako garai honetan egiten dizkigun hiru gonbidapen dira. Gainera, badakigu nahitaezkoa dela iganderoko eukaristia edo barkamenaren sakramentua, gutxienez, urtean behin egitea. Batzuetan kristauok arau hauek eta beste batzuk betezearekin seguru sentitzen gara, agindutakoa egiteko gai izan garelako horren ordaina espero dugu, sari bat merezi dugula sentitzen dugu.

Gaurko ebanjelioan, Jesusek ohartarazten digu Jainkoaren begirada pertsonen bihotzean jarrita dagoela. Legea betetzeak gutxi baliodu baldin eta ez bada benetako zentzuarekin egiten. Jainkoak errukiz begiratzen dio zintzotasunez zuzentzen zaion pertsonari. Besteari, berriz, Aitak ezin dio begiratu ere egin, ez baidu Aitaren begirada errukior horren beharrik. Ez du espero, funtsean, bere segurtasuna bere buruan jartzen duelako.

Gaur Jesusen jarraitzaileok gure segurtasunak berrikustera gonbidatuta gaude. Gure segurtasunaren iturria zein da? Gure burua edo Jainkoa? Gure arroka Jainkoa izatea nahi badugu, lagungarria izan daiteke gure buruari begiratzeari uztea, Jesusengan eta gure senideengan, bereziki txikienengan, dagoen Jainkoaren aurpegira begira jartzeko.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude