HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 17

Aldi hartan, hurbildu zen Jesusengana lege-maisu bat eta galdetu zion: «Zein da agindu guztietan nagusiena?». Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, berriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Ez da hauek baino agindu handiagorik». Lege-maisuak esan zion: «Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela hura besterik esatean, baita hura bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dela esatean ere». Eta Jesusek, zuhurki erantzun zuela ikusirik, esan zion: «Ez zaude urruti Jainkoaren erreinutik». Eta handik aurrera, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.

Markos 12, 28b-34.

Prestakuntza garaia da garizuma. Otoitz, austeritate eta elkartasunaren bidez Jainkoarekin elkartzeko garaia da. Hauek, hala ere, batzuetan Jainkoarekin topo egiten laguntzen diguten bitartekaritzak izan beharrean, helburu bihurtu direla badirudi. Gure Elizaren errituak eta sakramentuak Jaungoikorik gabe praktikatzeko arriskua daukagu beti, baina baita gure parrokia, elkarte, erakundeetako bilerak eta batzarrak ere.

Gaurko ebanjelioan, lege maisu bat, juduen aginduen nahaspilan galduta dagoena (610 baino gehiago omen ziren), Jesusengana hurbiltzen da, garrantzitsuenagatik galdezka. Jesusek ez dio bakarra aipatzen, baizik eta bi: Jainkoa maite eta hurkoa maite. Lege maisuak ematen dion erantzunean, Jesusek hau Jainkoarengandik gertu dagoela antzematen du, ulertu duelako senideekiko maitasuna eta elkartasuna holokausto eta sakrifizio guztiak baino garrantzitsuagoa dela.

Gaur Jesusek gogorarazten digu zein den gure fedearen funtsa: Jainkoa eta hurkoa maitatzea eta zerbitzatzea. Ikuspegi honetatik bakarrik, Jaungoikoaren izenean egiten ditugun guztiak izan dezakete zentzu osoa. Errituetatik sakramentuetara, bileretatik eta boluntario moduan sartutako ordu guztiak maitatzeko eta zerbitzatzeko dira. Bestela, alferrik ditugu guztiak.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude