HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 16

Aldi hartan, Jesus deabru bat botatzen ari zen, deabru mutua. Eta deabrua atera bezain laster, hizketan hasi zen mutua. Gizataldeak harriturik gelditu ziren; baina batzuek zioten: «Deabruen buruzagi den Beelzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, zerutik datorren mirari bat eskatzen zioten. Jesusek, gogoan zer zuten ikusirik, esan zien: «Herri batean herritarrak elkarrekin borrokan badabiltza, herri hura hondatuko da, eta etxea etxearen gainera eroriko. Satanas ere bere kideen aurka ari bada, nola iraun dezake zutik haren erreinuak? Zuek diozuenez, Beelzebulen indarrez botatzen ditut nik deabruak. Nik Beelzebulen indarrez botatzen baditut, zuen semeek zeinen indarrez botatzen dituzte? Horrela, bada, haiek izango dituzue zeuen epaile. Baina nik deabruak Jainkoaren eskuz botatzen baditut, garbi dago iritsi dela Jainkoaren erreinua zuen artera. Gizon indartsu eta armadun batek ere bere jauregia zaintzen duenean, haren ondasunak esku onetan daude. Baina beste indartsuago batek etorri eta menperatzen badu, kenduko dizkio indar ematen zioten armak, eta haren ondasunak banatuko ditu. Nirekin ez dagoena, nire aurka dago; nirekin biltzen ez duenak, sakabanatu egiten du».

§ Mateo 12, 14-21.

Hitz egitea eta entzutea, txanpon beraren bi aldeak izan daitezke. Jesusen jarraitzaile garenez, errukirako edo salaketarako hitz egitea eskatzen diguten eguneroko egoerekin topo egiten dugu, baina nahiago izaten dugu mututu, isilik egon, bai lotsa, erosotasuna edo beldurragatik. Antzeko arrazoiengatik, beste egoera batzuetan nahiago izaten dugu gor egin, kasurik ez egin Jainkoa agertzen ari zaigunean.

Gaurko ebanjelioan, deabru batek mutututa Jainkoaren mintzaira hitz egin ezin duen pertsona bat sendatzen du Jesusek, eta sendatze horren atzean Jainkoa dagoela onartu nahi ez dutenen belarri gorren aitzaki desberdinak aurkitzen ditu.

Zein dira gure ixiluneak? Eta zeri egiten diogu entzungor? Hitz egin eta entzun, hau da gaurko gonbidapena. Jesusen jarraitzaileak Jainkoaren mintzaira errukiorra hitz egiten du, bihotza anaia ahularengan jarrita duen bihotzarena, eta, aldi berean, Jainkoaren mintzaira errukiorra bere bizitzan entzuteko gai da, beldur eta aurreiritzietatik askeago eginez.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude