HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 15
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria naizenik; ez naiz baztertzera etorri, beren betera eramatera baizik. Benetan diotsuet: Zeru-lurrek iraungo duten bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten duena eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen duena, berriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan».
Mateo 5, 17-19.
Legea ez ezagutzeak legea betetzetik salbuesten ez duela entzuteak, nolabaiteko harridura sortzen digu; izan ere, arau bat ezagutzen ez bada, ezin da aplikatu, eta, beraz, ez du balio bere xedea betetzeko. Gaur ere ezagutzen ez ditugun edo partekatzen ez ditugun arauen menpean gaude. Arau hauetako batzuk legeak dira, beste batzuk berriz, gure eguneroko erabakiak hartzeko ditugun irizpideak eta ohiturak. Guzti hauek arrazoi desberdinengatik onartzen ditugu, nahiz eta batzuetan besteen oinazea duten berekin.
Ebanjelioan, Jesusek legearen hitzei legearen zergatiaren eta zentzuaren gainetik lehentasuna ematen ziotenen jarrera salatzen du. Jesusentzat erreinura sartzeko giltza ez da legea betetzea, legearen atzean dagoen Jainkoaren borondatea jasotzea baizik.
Jainkoaren legeak senideengandik hurbilago egotera garamatza beti. Legeak nire errukia txikiagotzen badu, Jainkoarengandik urruntzen ari naiz. Jesusek gure arreta Jainkoaren borondatearen harreran jartzera gonbidatzen gaitu, bere seme-alaba guztientzako errukia eta justizia den borondatea. Borondate hori onartzeak gure bizitzak arautzen dituzten hainbat arau eta irizpideengandik askatzen gaitu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments