HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 14

Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, irten orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”. Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte.

Mateo 18, 21-35

Hizkuntza arrunta, kontuak eramateko dugun naturaltasuna islatzen duten adierazpenez eta esaerez josita dago. “Ona izatetik tentela izatera, urrats bakarra dago”. “Hamaika aldiz barkatu dut.” Gizakiok kontua eramateko daukagun berezko joera horri, gure arteko harremanak ez zaizkio arrotzak, ezta barkamenaz edo kupidaz ari garenean ere.

Gaurko ebanjelioan, Pedrok, bere bat-batekotasunetik, Jesus eta gure artean dagoen distantzia erakusten du berriro. Oso eskuzabalak garenean ere, kontua eramaten dugu eta Jesusek, mugarik gabe maite gaituelako kontua eramateko gai ez den Jainko Aita erakusten digu.

Jainkoaren errukia zenba ezina da jarraitu nahi diogun Jesusen Jainkoak neurririk gabe maite gaituelako. Gure bihotza senideen premian eta pobrezian jartzera gonbidatzen gaitu. Horretarako guri, gure ertzetatik Jainko honi aurpegira begiratzea geratzen zaigu, Jesus kontenplatuz eta zaurgarrienen ondoan eseriz. Horrela, Jesusen Abba den horretaz maitemindu eta Haren errukiaz busti-busti egingo baikara.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude