HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 13

Aldi hartan, Jesus Nazaretera joan zen. Eta sinagogan jendeari esan zion: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik». Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.

Lukas 4, 24-30.

Gure testuinguru kulturalean, non Elizak egiaren edo etikaren monopolioa izateari utzi dion, batzuetan kristauok, gure sinesmenen segurtasunetik, jarrera harroa eta beste ikuspegi batzuetara itxiera erakusten dugu. Jainkoaren jabe sentitzen gara. Jainkoaren Herria baino, Jainkoaren jaun eta jabe sentitzen gara.

Gaurko ebanjelioan, Jesus bere herriko sinagogan agertzen zaigu, ongi ezagutzen duten herrikideen aurrean. Bertan gogoratzen die Jainkoak, Israelgo alargunak salbatu beharrean, Elias alargun atzerritar bat salbatzera bidali zuela, eta Eliseok atzerritar bat sendatu zuela Israelgo legendunak sendatu ordez. Bi pasadizu hauen oroipenek entzuleak aztoratzen dituzte, hauek, irainduta, betidanik ezagutzen duten Jesus amildegitik behera bota nahi izateraino.

Jesusek erakusten digun Jainkoak pertsonen bihotzak harrokeriarik eta aurreiritzirik gabe begiratzen ditu,  eta haietaz errukitzen da. Jesusen jarraitzaileak izan nahi badugu, bereak bezalako erruki-erraiak benetan desiratu beharko genituzke. Erruki hori da gure harrokeria eta aurreiritzi faltsuetatik askatzeko giltza, bestelakoak alferrik dira. Esaera zaharrak dioen moduan, egiak ez ditu bi bide.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude